Puntu bategatik galdu du Domusa Teknik ISBk Caceresen

Andoni Elduaien 2023ko ots. 27a, 10:29

Alazne Lizundia, aurkari bat defendatzen. (FEB)

Alter Enersun Al-Qazeres Extremadura taldeak eten du Domusa Teknik ISBren lau partidako bolada ona. Joseba Lizarraldek zuzentzen duen taldeak 69 eta 68 galdu zuen atzo eguerdian.

Domusa Teknik ISBk galdu egin zuen atzo, igandea, Caceresen (Espainia). Alter Enersun Al-Qazeres Extremadura taldearen aurka aritu zen ISBren emakumezkoen lehen taldea, eta 69 eta 68 galduta, azken lau partidetako bolada ona eten du taldeak.

Abiadurarekin erantzun nahi izan zion Al Qazeres taldeak ISBren joko gogorrari. Abantaila txikiak lortuz, markagailuan agintzen hasi zen etxeko taldea. Bigarren laurdenean, ordea, lehia ireki egin zen eta hiruko festa batekin errenta handia hartu zuen Extremadurako (Espainia) taldeak. Atsedenaldira 43 eta 29 ziren atzetik Lizarralderenak.

Hamasei puntuko abantaila ere izan zuen etxeko taldeak, baina puntuen iturria itxi egin zitzaion Al Qazeres taldeari; zortzi minutuan puntu bakarra lortu zuten extremadurarrek, eta bera jaurtiketa librean. Une hori baliatu zuen ISBk, eta Sara Iparragirreren eta Josephine Filiperen eskutik, markagailua iraultzea lortu zuten hirugarren laurdenaren aurretik.

Azken laurdenean etxekoek jo zuten lehen erasoa, baina Lizarralderen taldeak ondo eutsi zion haien oldarraldiari. Pare-parean iritsi zen lehia azken segundoetara, eta hamar segundoren faltan bi puntu behetik egon zen markagailuan. Jone Azkuek hiruko saskiratzea lortzeko saiakera egin zuen, baina hark kale egin zuen, eta errebotean falta eginda, etxekoek bi jaurtiketa libre asmatu zituzten, abantaila lau puntura igoz. Neurketa Intza Lizarazu jokalari azkoitiarraren hiruko batekin amaitu zen, 69 eta 68.

Josephine Filipe izan zen taldekide onena. Hogei puntu saskiratu zituen portugaldarrak, hemezortzi puntuko balorazioa eskuratzeko. ISBk datorren larunbatean etxean jokatuko du Valentziako (Herrialde Katalanak) La Cordá de Paterna NB taldearen aurka. Zapatuko lehia 17:00etan jokatuko dute, Azkoitiko Elkargunean.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide