Haurrentzako materiala bildu du Darahlik Saharako errefuxiatuen kanpamenduetara bidaltzeko

Maialen Etxaniz 2023ko ots. 25a, 15:33

Gaurko material bilketako irudia. (Darahli elkartea)

Kontzejupean jarri dute jostailuak eta eskolako produktuak biltzeko postua. Aste Santuan egingo dute bidaia Tindufeko saharar errefuxiatuen kanpamenduetara, eta ordura bitartean herria herri egingo dituzte jasoketak. Eskoletan materiala utzi nahi dutenek martxoaren 3ra arte izango dute ekarpena egiteko aukera. 

Darahli elkarteak Tindufeko (Aljeria) saharar errefuxiatuen kanpamenduetara eramateko material bilketa egin du gaur, zapatua, goizean. Kontzejupean jarri dute postua, eta han izan dira 11:00etatik 13:30era. Hainbat izan dira ekarpena egin eta haurrentzako eskolako materiala edo jostailuak eraman dituzte herritarrak. 

Darahlikoek Aste Santuan egingo dute bidaia Tindufera, eta bidaia hori baliatuko du elkarteak gune horretara askotariko materiala eramateko. Aurrez, ordea, materiala bildu nahi dute eskualdean. Batetik, eskolako materiala jaso nahi dute: koadernoak, arkatzak, margoak, borragomak eta erregelak. Bestetik, herritarrei askotariko jostailuak emateko dei egin diete, hala nola panpinak, muntatzeko piezak eta puzzleak. Gaurko jasoketa eginda, deialdia herriko ikastetxeetara zabaldu dute, eta herriko eskoletan ekarpena egin nahi duenak, martxoaren 3ra arteko epea izango du horretarako.

Apirilean, 50 lagun inguruk egingo dute bidaia solidarioa Tindufera. "Euskal Herriaren eta Sahararen arteko loturak sendotu ez ezik, hain beharrezkoa duten laguntza emango zaie errefuxiatuei", azaldu dute elkarteko kideek. Saharar errefuxiatuen "egoera inoiz samurra ez" dela izan nabarmendu dute haiek, baina "pandemiaz geroztik, egoera okertu" egin da han. Gainera, saharar herria "gerra bete-betean" dagoela azpimarratu dute.  Elkartea Zumaiakoa den arren, bere jarduna eskualdera ere zabaltzen du Darahlik, eta Azkoitian ere "nabarmena" da haren presentzia. Udan, Oporrak Bakean programaren laguntzarekin, eskualdeko familietara iritsi ohi dira Saharako haurrak. Urtean zehar, berriz, sentsibilizazio ekintzak, azokak, hitzaldiak eta mahai-inguruak antolatu ohi dituzte.

Bildutako hainbat material. (Darahli elkartea)

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide