Bihar, igandea, itxiko da Portaleburu erakusketa aretoko Emakumeak aberria eginez izeneko erakusketa. Sabino Arana fundazioak antolatuta, hilaren 10ean zabaldu zuten erakusketa plazako erakusketa aretoan, hain justu, Julene Urzelairen bustoa Trenbidearen Zumardian inauguratu eta gero.
Azken bi asteetan ostiraletan, larunbatetan eta igandeetan zabaldu dute Portaleburu. Emakume Abertzale Batzaren mendeurrena tarteko egin dute erakusketa, eta batzorde hartan parte hartu zuten emakumeek egindako lana azpimarratzea da helburua. Besteak beste, haiek egindako ekintzak nahiz horiek izan zituzten ondorioak ikus daitezke aretoan.
Erakusketak, ordea, gaurkoa eta biharkoa izango ditu azken bi egunak. Gaur eta bihar, goizez, 12:00etatik 14:00etara zabalduko dituzte Portalebururen ateak, eta arratsaldez, 18:00etatik 20:00etara.