Harria eta Amustei taldeak, Bebarruko Jardunetako hurrengo protagonistak

Andoni Elduaien 2023ko ots. 25a, 09:00

Harria musika taldeak Bergaran jo zuen kontzertuko irudia. (Goiena)

Kontzertuak 20:00etan hasiko dira gaur, larunbata, Matadeixen. Zuzenekoaz gozatu nahi duten musikazaleek 7 euro ordaindu beharko dute sarrera, Matadeiko atean.

Neguko Bebarruko Jardunek aurrera jarraitzen dute, eta gaur, larunbata, kontzertuak izango dira Matadeixen. 20:00etan hasita, Bergarako (Gipuzkoa) bi musika talde arduratuko dira Matadeiko oholtzara igo eta gunea girotzeaz: Harria eta Amustei taldea.

Harria taldea iaz sortutako rock taldea da. Hain justu, izen bereko diskoa aurkeztu zuen iaz musika taldeak, hamabi kantuk osatuta. Aitor Aldanondo musikariaren (Brigada Criminal, Fiachras, Bizardunak) proiektu berria da Harria, eta Maitane Azkarate, Ekaitz Aranberri (Bidelapurrak) eta Guille Sanz (Belceblues) ditu hark bidelagun.

Amustei taldea, berriz, musika talde berriagoa da, eta bidea irekitzen ari da musika munduan. Hainbat musika proiektutan aritutako bost lagunen artean osatu dute taldea, eta folk-rock doinuak, "amerikarrak", eskaintzen dituzte euskaraz, gaztelaniaz nahiz ingelesez. Mikel Garate taldekideak duela hamar urte disko bat kaleratu zuen, eta beste asko utzi zituen sortuta. Orain, abesti horiek egokitzen ari dira Amustei taldearekin disko bat grabatu ahal izateko.

Zuzenekoaz gozatu nahi duten musikazaleek 7 euro ordaindu beharko dute sarrera, Matadeiko atean.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide