Etzi, igandea, Gipuzkoako Eskolarteko Xake Txapelketaren Azkoitiko zonaldeko xake partidak jokatuko dituzte. Anaitasuna Kakute xake taldeak Kultur Etxean duen egoitzan jokatuko dute txapelketa, 10:00etan hasita. Ekitaldi hau Gipuzkoa osoan jokatuko dute, zonaldez zonalde eta herriz herri, eta emaitza onenak eskuratzen dituzten xake jokalariak maiatzaren hasieran Donostian jokatuko duten finalera sailkatuko dira.
Benjamin, alebin eta infantil mailako txapelketak jokatuko dituzte Kultur Etxean. Alebin eta infantil mailako xake jokalari onenek lortuko dute Donostiako lehiara sailkatzea; adina medio, benjamin mailakoen zonaldeko lehia Azkoitian amaituko da. Zortzi xakelarik parte hartuko du igandeko zonaldekoan, guztiak ere azkoitiarrak. Dena den, beste herriren bateko xake jokalariak ere espero dituzte Anaitasuna Kakute klubeko arduradunek.
Anaitasuna Kakuteko zuzendaritzak azaldu du "oso harro" daudela zonaldeko txapelketa egitea lortu dutelako. "Urteak ziren halako txapelketa bat herrian egin gabe; izan ere, orain arte guri egokitu zaigu hara edo hona mugitzea. Xakeak adin hauetan bizi duen osasun onaren adierazleetako bat da hau", azaldu du klubak ohar bidez. Era berean, gaztetxoek xakerako duten ilusioa eta izan duten garapena azpimarratu nahi izan ditu zuzendaritzak. "Giro ona ari da sortzen klubean, eta hori bultzada handia da gure klubarentzat".