Azken egunotan, San Jose egoitzako otorduen zenbait argazki zabaldu dira sare sozialetan, eta Azkoitiko EH Bilduk oharra kaleratu du han jazotakoa salatuz. Koalizioak jakinarazi duenez, San Jose egoitzako zenbait egoiliar eta senide koalizioarekin harremanetan jarri dira, egoitzan izan dituzten "menu kaskarren inguruan salaketa publikoa" egiteko.
Atzo, asteazkena, egin zuten otsaileko ohiko udalbatzarra. Galde-erreguen tartean, oposizioko bi udal taldeek, EH Bilduk eta Azkoitia Bai herri plataformak, EAJk eta PSE-EEk osatzen duten Udal Gobernuari gaiari buruz galdetu zioten. Koalizioak adierazi duenez, Udal Gobernuak gertatutakoa "kasu puntuala" izan dela erantzun zuen, baina EH Bildurentzat egoera "geroz eta kaskarragoa" da egoitzan. "Agerian ari da gelditzen egoitzan dagoen giza baliabideen eta materialaren falta. Bolo-bolo zabaldu den argazkikoa adibide bat besterik ez da".
EH Bilduk ez du uste gertatutakoa "kasu puntual bat" izan denik. "Egoiliarrei galdetuta, aitortu digute sarri gertatzen dela, baita argazki bidez erakutsi ere". Koalizioarentzat "ezinbestekoa" da zaintza duin baten barnean "elikadura osasuntsu bat jasotzea", eta nabarmendu dute hori ezin dela lortu "kalitate kaskarreko elikagai ultra prozesatuekin".
Era berean, EH Bilduk jakinarazi du udalean ez ezik, Gipuzkoako Foru Aldundiko Gizarte Politiketako diputatuari ere luzatu dizkiola gaiaren inguruko galderak.
Koalizioak erredakziora bidalitako otorduen argazkiak dira honako hauek: