Darahli elkarteak Tindufeko (Aljeria) saharar errefuxiatuen kanpamenduetara egingo du bidaia Aste Santuan. Hain zuzen, bidaia hori baliatuko du elkarteak gune horretara askotariko materiala eramateko. Aurrez, ordea, materiala bildu nahi dute eskualdean, eta etzi, zapatua, Darahli elkarteko kideek Kontzejupean jasoko dituzte herritarrek dohaintzan emandako produktuak, 11:00etatik 13:30era bitartean.
Batetik, eskolako materiala jaso nahi dute zapatuan: koadernoak, arkatzak, margoak, borragomak eta erregelak. Bestetik, herritarrei askotariko jostailuak eramateko dei egin diete, hala nola panpinak, muntatzeko piezak eta puzzleak. Deialdia herriko ikastetxeetara ere zabaldu dute, ordea. Herriko eskoletan ekarpena egin nahi duenak, martxoaren 3ra arteko epea izango du.
Apirilean, 50 lagun inguruk egingo dute bidaia solidarioa Tindufera. "Euskal Herriaren eta Sahararen arteko loturak sendotu ez ezik, hain beharrezkoa duten laguntza emango zaie errefuxiatuei", azaldu dute elkarteko kideek. Saharar errefuxiatuen "egoera inoiz samurra ez" dela izan nabarmendu dute haiek, baina "pandemiaz geroztik, egoera okertu" egin da han. Gainera, saharar herria "gerra bete-betean" dagoela azpimarratu dute.
Elkartea Zumaiakoa den arren, bere jarduna eskualdera ere zabaltzen du Darahlik, eta Azkoitian ere "nabarmena" da haren presentzia. Udan, Oporrak Bakean programaren laguntzarekin, eskualdeko familietara iritsi ohi dira Saharako haurrak. Urtean zehar, berriz, sentsibilizazio ekintzak, azokak, hitzaldiak eta mahai-inguruak antolatu ohi dituzte.