Anaitasuna Mendi Bazkunak antolatutako Gure txokoak ezagutzen egitasmoaren barruan, otsaileko mendi irteera egingo dute larunbatean Kukuherrira eta Samiñora. 08:30ean Balda plazatik abiatuta, Kukuherri auzora joango dira aurrena mendizaleak, eta gero, Samiñora zuzenduko dira. Tontorra eginda, oinez itzuliko dira berriro abiapuntura.
Gure txokoak ezagutzen egitasmoaren hirugarren mendi irteera izango da zapatukoa. Lehen irteera Kakueta mendira egin zuten abenduan; bigarren ibilaldian, berriz, Urrategi auzoa eta Hirukurutzeta nahiz Karakate mendiak lotu zituzten.
Ekimen irekia da Gure txokoak ezagutzen, "zailtasunik ez duten mendi irteerak". Hori horrela, herritar orok parte hartzeko moduko bideak ari dira egiten hilabeteko azken zapatuetan. Helburua da mendi irteerak taldean egitea. Era berean, herritarrek mendi irteerak proposatzeko aukera ere izango dute.