2023ko karnabalak martxan dira Azkoitian ere. Ohi bezala, Ostiral Mehe egunaren bazkalondoan mozorroz bete dira kaleak, Xabier Munine Ikastolako eta Floreaga Ikastetxeko ikasleen eta irakasleen desfilearekin. Mozorrotutakoek ilara jendetsuan ibili dira kalez kale, eta ez dira gutxi izan haiek ikustera joan diren herritarrak ere. Eguzki epeletan egin dute itzuli osoa ikastetxetakoek. Aurreko urteetan ez bezala, aurten kalejira ikastetxeetan bukatu dute, eta ez plazan.
Hala ere, plazan ez da festa girorik falta izan. Ikastetxeen desfilean parte hartu duten gaztetxoetako asko hantxe elkartu dira 17:00etatik aurrera, beren mozorroekin, Oihan Vega DJak jarritako musikarekin karnabaletako lehen arratsaldeaz gozatzen jarraitzeko.
Gauean, berriz, 21:30etik 23:30era arte, 12 eta 17 urte arteko gazteei zuzendutako inauteri festa egingo dute Elkargunean; DJ Xabi Festek jarriko du musika, eta mozorro lehiaketa ere egingo dute.
Bihar, egun handia
Azkoitiko karnabaletako egun handia, ordea, biharkoa izango da. Eguerdian hasiko da festa giroa, eta igande goizaldera arte jarraituko du. Hau da zapaturako festa egitaraua:
- 12:30ean, musika bandaren eta Bizkargi musika eskolako kideen kalejira.
- 18:00etatik 21:00etara, Joselu Anaiak taldearen dantzaldia, plazan.
- 18:00etatik 20:00etara, indarkeria sexistarik gabeko gunea Etxe Beltz parean.
- 18:30etik 20:00etara, familiei zuzendutako alkohol kontsumoaren sentsibilizazio gunea, Etxe Beltz parean.
- 21:00etan, mozorro lehiaketaren sari banaketa, plazan.
- 22:30etik 00:00etara, Joselu Anaiaken dantzaldia, plazan.