Karnabalak 2023

Karnabaletan murgiltzear da herria

Andoni Elduaien 2023ko ots. 16a, 19:00

Oihan Vega DJarekin dantzaldia izango da bihar arratsaldean, plazan. (Artxiboa)

Bihar, ostirala, eta etzi, zapatua, karnabalak ospatzeko askotariko ekintzak antolatu ditu udalak. Herritarrak azken ukituak ematen ari zaizkie bi egunetan jantziko dituzten mozorroei. Azkoitiarreko kolorez jantziko dute herria, beste behin.

Azkoitia karnabal giro bete-betean sartuko da bihar, ostirala. 15:45ean, herriko ikastetxeetako ikasleen kalejirarekin hasiko da udalak datozen bi egunetarako antolatu duen karnabaletako egitaraua. Bihar eta etzi, festa izango da herrian.

Bihar, ikastetxeek karnabaletako ohiko kalejira egingo dute. Aizkibel kaletik abiatuko dute kalejira, eta handik Kale Nagusiara jaitsiko dira. Eliz atarira zuzenduko dira segituan, eta Plazaberri goitik behera gurutzatuko dute. Klara Donea kalea banatzen duen zubiraino joango dira guztiak dantzan, han Trino Uria kalera zuzenduko baitira. Trino Uria kaletik Julio Urkixo etorbidera aterako da kalejira, eta Balda plazarako zubitik berriro Plazaberrira joango dira guztiak. Dena den, merienda ez dute plazan egingo aurten, eta hori horrela izanda, kalejira ikastetxeetan amaituko dute.

Kalez kale ibilita, plazara iritsiko dira mozorrotutako ikasleak, eta 17:00etan, Oihan Vega disko jartzailearen emanaldiaz gozatu ahal izango dute. Eguraldiaren iragarpenak ez dio halakorik, baina euria egingo balu DJaren dantzaldia Gurean egingo dute.

Iluntzean jarraituko du festak Azkoitian; izan ere, 12 eta 17 urte bitarteko gazteentzako jaia egingo dute Elkargunean. Mozorro festan parte hartzen dutenek DJ Xabi Festek jarritako musikarekin dantza egiteko aukera izango dute. Gainera, mozorro lehiaketa egingo dute han, eta sariak ere banatuko dituzte.

Larunbata, egun handia

Zapatua izango da azkoitiarrentzat karnabaletako egun handia. Herritarrek orduan jantziko dituzte azken asteetan eta egunetan prestatu dituzten mozorroak. Goizean goizetik izango da festarako aukera herrian; izan ere, 12:30ean, kalejira egingo dute herriko kaleetan zehar Azkoitiko Musika Bandak eta Bizkargi eskolako kideek; musikariek karnabaletako doinuak eskainiko dituzte.

Arratsaldean, 18:00etan, Joselu Anaiak taldeak kontzertua eskainiko du plazan. 21:00etara arte arituko dira musika talde horretako kideak plazan egokitutako oholtzan. Mozorro lehiaketako sari banaketan etena egingo dute musikariek, baina 22:30ean berriro itzuliko dira plazara. 00:00etara bitartean eskainiko dute kontzertua Joselu Anaiak taldeko kideek.

Bestalde, Emagin elkarteko kideen eskutik, indarkeria sexistarik gabeko gunea izango da 18:00etatik 20:00etara bitartean Etxe Beltz parean, eta horrez gain, 18:30etik 20:00etara familiei zuzendutako alkoholaren kontsumoari buruzko sentsibilizazio gunea ere jarriko dute leku berean.

Mozorro lehiaketak

Azken urteetan bezala, aurten ere 21:00etan egingo dute mozorro lehiaketetako sari banaketa, plazan. Hamar lagunetik gorako taldeetan 1.250 euro banatuko ditu udalak. 500 euro jasoko ditu lehen saria irabazten duen taldeak, 400 euro bigarren saria eskuratzen duenak eta 350 euro hirugarrenak. Talde txikietan, berriz, 450 euro banatuko ditu udalak. 200 euro jasoko ditu irabazleak, 150 euro bigarrenak eta 100 euro hirugarrenak. Bestalde, ondoen dekoratutako tabernak 200 euroko saria irabaziko du.

Mozorro lehiaketarako izena eman dutenek eliz ataritik igaro beharko dute 19:30etik 20:30era bitartean. Dena den, zapatuan hileta elizkizunen bat egokitzen bada, Plazaberritik igaro beharko dute herritarrek mozorroak erakustera. Lehiaketako epaimahaikideak, gainera, 19:00etatik aurrera joango dira tabernetara horiek zer-nola apainduta dauden ikustera.

Honako hau da 2023ko karnabaletarako udalak prestatu duen egitaraua:

Otsailak 17, ostirala

  • 15:45ean, ikastetxeetako umeen kalejira.
  • 17:00etan, Oihan Vegaren dantzaldia, plazan. (Eguraldi txarra eginez gero, Gurea pilotalekuan).
  • 21:30etik 23:30era, 12 eta 17 urte arteko gazteentzat jaia DJ Xabi Festen eskutik, Elkargunean. Mozorro lehiaketa ere egingo dute.

Otsailak 18, zapatua

  • 12:30ean, musika bandaren eta Bizkargi musika eskolako kideen kalejira.
  • 18:00etatik 21:00etara, Joselu Anaiak taldearen dantzaldia, plazan.
  • 18:00etatik 20:00etara, indarkeria sexistarik gabeko gunea Etxe Beltz parean.
  • 18:30etik 20:00etara, familiei zuzendutako alkohol kontsumoaren sentsibilizazio gunea, Etxe Beltz parean.
  • 21:00etan, mozorro lehiaketaren sari banaketa, plazan.
  • 22:30etik 00:00etara, Joselu Anaiaken dantzaldia, plazan.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide