Otsailaren 22an hasita, Bigarren Hezkuntzan seme-alabak dituzten gurasoentzako Guraso Eskolak eskainiko dituzte Azkoitian. Saio horietan parte hartu nahi dutenek, otsailaren 22a baino lehen eman beharko dute izena. Horretarako aukera izango da udaleko Gizarte Zerbitzuetan (09:00etatik 14:00etara), Elkargunean, Gazte Informazio Bulegoan (16:30etik 20:00etara), edota gizar@azkoitia.eus helbidean.
Guraso Eskolan parte hartzea doakoa da, eta horiek Elkargunean eskainiko dituzte 15:15etik 16:45era bitartean. Guztira, zortzi saio emango dituzte: otsailaren 22an eta 28an; martxoaren 7an, 14an, 21ean eta 28an, eta apirilaren 18an eta 25ean. Saio bakoitzean gai jakin bat jorratuko dute. Besteak beste, hizpide izango dituzte buruko gaixotasunak, depresioa, antsietatea, drogen mendekotasuna, emozioen kudeaketa, afektibitatea nahiz hezkuntza sexuala, komunikazioa eta sare sozialak.
Udaleko Gizarte Zerbitzuek, Berdintasun eta Prebentzio arloak eta Gazteriak elkarlanean antolatutako egitasmoa da Guraso Eskola.