Etzi, ostirala, itxiko da Azkoitiko Udalak antolatutako karnabaletako Mozorro eta Tabernen Dekorazio lehiaketetan izena emateko epea. Parte hartu nahi dutenek udaletxeko Herritarren Arreta Zerbitzuan eman beharko dute izena. Bulegoa astelehenetik ostiralera egon ohi da zabalik, 07:30etik 15:30era bitartean.
Bi lehiaketak larunbat karnabalean izango dira. Mozorro Lehiaketako partaideak eliza ataritik pasatu beharko dute 19:30etatik 20:30era bitartean. Ordu tarte horretan hartuko dute lehiaketako epaimahaikideek erabakia. Aldiz, egun horretan Andre Mariaren Jasokundeko parrokian hiletaren bat egongo balitz, epaimahaia Plazaberri erdian kokatuko da, eta mozorro lehiaketako parte hartzaileek handik igaro beharko dute.
Tabernetako dekorazioa baloratzera, aldiz, 19:00etatik aurrera joango da epaimahaia. Izena emandako tabernak bisitatuko dituzte epaimahaikideek ordutik aurrera. Sari banaketa ekitaldia herriko plazan jarriko duten oholtzan egingo dute, 21:00etan. Mozorro lehiaketan parte hartzeko 16 urte edo gehiago behar dira, eta epez kanpoko izen-emateak ez dituzte onartuko.