Karnabalak 2023

Ekitaldiz beteta iritsiko dira karnabalak herrira

Julene Frantzesena 2023ko ots. 8a, 11:50

Herritar talde bat iazko karnabaletan.

Adin guztietako herritarrek mozorroen bueltako egitarau oparoaz gozatu ahal izango dute otsailaren 17an eta 18an. Ostiralean herriko ikastetxeetako haurrek kalejira egingo dute, eta ondoren dantzaldia izango da. Gainera, gaztetxoentzako jaia ere prestatuko dute Elkargunean. Zapatuan kalejira eta Joselu Anaiaken dantzaldia izango dira, baita mozorro lehiaketa ere.

Ate joka dira karnabalak, eta Azkoitian ere ez dute hutsik egingo jai horiek. Udalak dagoeneko prestatu du inauterietarako egitaraua, eta adin guztietako herritarrek mozorroen bueltako egitarau oparoaz gozatu ahal izango dute otsailaren 17an eta 18an.

Ohikoa den moduan, herriko ikastetxeetako ikasleak izango dira karnabalak ospatzen hasiko diren aurrenak. Izan ere, ostiralean, hilaren 17an, kalejira koloretsua egingo dute herriko kaleetan. Kalez kale ibilita, plazara iritsiko dira mozorrotutako ikasleak, eta 17:00etan, Oihan Vega disko jartzailearen emanaldiaz gozatu ahal izango dute. Eguraldi txarra egiten badu, berriz, Gurea pilotalekuan izango da DJaren dantzaldia.

Iluntzean jarraituko du festak. Hain zuzen ere, 12 eta 17 urte bitarteko gazteentzako jaia izango da Elkargunean, eta hara joaten direnek DJ Xabi Festek jarritako musikarekin dantza egiteko aukera izango dute. Halaber, mozorro lehiaketa ere egingo dute.

Larunbatean segida

Ostiralean hasitako festei zapatuan emango diote segida herritarrek, eta horretarako, hainbat ekintza prestatu ditu udalak. Besteak beste, Udal Musika Bandaren eta Bizkargi musika eskolako kideen kalejira, Joselu Anaiaken dantzaldia eta mozorro lehiaketa izango dira.

Mozorro lehiaketako sari banaketa ekitaldia 21:00etan egingo dute plazan, eta han parte hartu nahi dutenek 19:30etik 20:30era eliz ataritik igaro beharko dute. Dena den, egun horretan hileta elizkizunik egokitzen bada, Plaza Berritik igaro beharko dute herritarrek mozorroak erakustera. Lehiaketako epaimahaikideak, gainera, 19:00etatik aurrera joango dira tabernetara horiek zer-nola apainduta dauden ikustera.

Bestalde, Emagin elkarteko kideen eskutik, indarkeria sexistarik gabeko gunea izango da 18:00etatik 20:00etara bitartean Etxe Beltz parean, eta horrez gain, 18:30etik 20:00etara familiei zuzendutako alkoholaren kontsumoari buruzko sentsibilizazio gunea ere jarriko dute leku berean.

Honako hau da 2023ko karnabaletarako udalak prestatu duen egitaraua:

Otsailak 17, ostirala

15:45. Ikastetxeetako umeen kalejira.

17:00. Oihan Vegaren dantzaldia, plazan. Eguraldi txarra egiten badu, berriz, Gurea pilotalekuan.

21:30-23:30. 12 eta 17 urte arteko gazteentzat jaia DJ Xabi Festen eskutik, Elkargunean. Mozorro lehiaketa ere egingo dute.

Otsailak 18, zapatua

12:30. Musika Bandaren eta Bizkargi musika eskolako kideen kalejira.

18:00-21:00. Joselu Anaiak taldearen dantzaldia, plazan.

18:00-20:00. Indarkeria sexistarik gabeko gunea Etxe Beltz parean.

18:30-20:00. Familiei zuzendutako alkohol kontsumoaren sentsibilizazio gunea, Etxe Beltz parean.

21:00. Mozorro lehiaketaren sari banaketa, plazan.

22:30-00:00. Joselu Anaiaken dantzaldia, plazan.

 

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide