Futbola eta inklusioa ardatz hartuta, egun osoko egitaraua prest dute Anaitasunak eta Marea Urdinak

Ane Olaizola 2023ko ots. 3a, 09:28

Antolatzaileak, atzo, Txerloia futbol zelaian.

Anaitasuna eta Marea Urdina eguna antolatu dute bi taldeek otsailaren 11rako, eta egun osoan askotariko ekintzak egingo dituzte Txerloia futbol zelaiaren bueltan, hala nola partidak eta jolas inklusiboak, bazkaria eta kalejira.

Egun osoko egitaraua prestatu dute Marea Urdina elkarteak eta Anaitasuna futbol klubak, futbola eta inklusioa uztartzeko asmoz. Hurrengo larunbatean, hilaren 11n, askotariko saioak egingo dituzte Txerloia futbol zelaiaren bueltan, eta antolatzaileek herritar guztiak gonbidatu dituzte egitasmoan parte hartzera eta inklusioaren alde beraien alea jartzera.

Bi taldeek eta Azkoitiko Udalak atzo, osteguna, eman zuten Anaitasuna eta Marea Urdina egunaren berri, Txerloian bertan. Han azaldu zutenez, Anaitasunako emakumeen lehen taldearen ekimenez antolatu dute egitasmoa: "Abenduan egin zen futbol egokituko topaketan parte hartu zuten Anaitasunako hainbat neskak, eta oso gustura geratu ziren horiek. Pentsatu genuen Marea Urdinarekin egun berezi bat antolatzea, eta buruan ezer zehatzik izan gabe, harremanetan jarri ginen elkartearekin. Azkenean, egun oso bat antolatzera iritsi gara, eta oso polita izango da", adierazi zuen Mikel Barquerok, Anaitasunako emakumezkoen talde nagusiko entrenatzaileak. "Egunaren zain gaude, ilusioz, ea ondo ateratzen den", berretsi zuen, berriz, Lorea Rueda jokalariak.

Gorka Aranbarri Marea Urdinako kideak azpimarratu zuen kirola eta inklusioa ardatz izango dituela Anaitasuna eta Marea Urdina egunak. Hilaren 11n, partida inklusibo batekin hasiko dute egitasmoa: Realeko Liga Genuine eta Anaitasunako emakumezkoen taldeak partida jokatuko dute 11:00etan, eta ondoren, sentsibilizazio jolasak izango dira Marea Urdinaren eta Azkoitiko Gazte Zerbitzuko kideen eskutik.

Bizkargi Musika eta Dantza Eskolako trikitilariek eta pandero-jotzaileek ere parte hartuko dute egitasmoan, kalejira eskainiko baitute 12:30ean. 13:30ean, berriz, bazkaria egingo dute Txerloiako tabernan. Batetik, pintxoak egongo dira han, eta hanburgesa postua ere jarriko dute. Bestetik, paella egingo dute bertaratzen direnentzat, baina horretarako tiketak erosi beharko dira aurrez, Tta-kun, Zurt, Orbela eta Olaberri tabernetan, bi euro eta erdian.

Arratsaldean, berriz, Emakumeen Euskal Ligako partida jokatuko du Anaitasunak Eibarren kontra, Txerloian. Hasiera berezia izango du norgehiagokak; izan ere, dantzariak izango dira, Juli Arregik irrintzia botako du eta Marea Urdinak ohorezko sakea egingo du. Horrez gain, zozketa berezia egingo dute atsedenaldian. Bestalde, antolatzaileek zehaztu dute goizeko zein arratsaldeko partidak doakoak izango direla.

Horrez gain, Urbanue autobus zerbitzuak Txerloian egingo du geldialdi berezia egun horretan, Eroski saltokira iristen den lineari dagokionean.

Antolatzaileek eskerrak eman dizkiete babesleei, tabernariei zein udalari, erakunde horrek ere laguntza eskaini dielako. Zentzu horretan, Kirol zinegotzi Angel Martinek bi taldeak zoriondu zituen halako egitasmo bat prestatzeagatik, eta aurrerantzean, gisa horretako egitasmoetarako ere laguntzeko prest azaldu zen udala.

Egitaraua:

  • 11:00. Realeko Liga Genuineren eta Anaitasunaren partida inklusiboa.
  • 12:00-13:30. Sentsibilizazio jolasak.
  • 12:30. Kalejira, Bizkargiko trikitilariekin eta pandero-jotzaileekin.
  • 13:30. Bazkaria.
  • 16:30. Emakumeen Euskal Ligako partida: Anaitasuna-Eibar.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide