Jone Zabaletak Azpeitiko XXI. San Silbestre lasterketa irabazi du

Andoni Elduaien 2022ko abe. 31a, 14:56

Jone Zabaleta, helmugara iristen. (Andoni Elduaien)

Urtea bukatzeko, Azpeitiko XXI. San Silbestre lasterketa egin dute gaur, eta asko izan dira han parte hartu duten azkoitiarrak. Zabaletak 22 minutu eta hamabost segundoan amaitu du lasterketa. Gizonezkoetan, berriz, hirugarren sailkatu da Pedro Muñoz. Bi korrikalariek jaso dituzte lehen azkoitiarren garaikurrak.

Azkoiti-Azpeitiko Xeye atletismo taldeak antolatuta, XXI. San Silbestre Lasterketa egin dute gaur, abenduak 31, Azpeitian, eta Jone Zabaleta korrikalari azkoitiarrak jantzi du txapela emakumeetan. Zabaletak 22 minutu eta hamabost segundoan osatu ditu lasterketako sei kilometroak, eta aurrez egin bezala, txapela jantzi du aurtengoan ere. Urtea ezin hobeto amaitu du korrikalariak.

Eneritz Aramendi eta Naroa Uria azpeitiarren aurretik sailkatu da Zabaleta. Aramendik 23 minutu eta 29 segundoan egin du lasterketa, eta Uriak 23 minutu eta 59 segundoan. Gainera, Zabaletak lehen emakume azkoitiarraren garaikurra ere jaso du Azpeitiko plazako kioskoan. Pedro Muñoz korrikalari azkoitiarrak ere jaso du garaikurra han; izan ere, hirugarren sailkatu da gizonezkoetan gaur, bidea hemezortzi minutu eta 55 segundoan osatuta. Lehen gizonezko azkoitiarraren garaikurra eman diote Muñozi.

Honako lotura honetan ikus daitezke Azpeitiko probaren sailkapen orokorra eta korrikalari bakoitzak egindako denbora zehatza.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide