Aizterri Homek irabazi du Azkoitiko Gabonetako Erakusleiho Lehiaketa

Ane Olaizola 2022ko abe. 22a, 14:47

Aizterriren erakusleihoaren aurkezpen dotorea eta argiztapena goraipatu ditu lehiaketaren epamahaiak. Bigarren eta hirugarren sariak, berriz, Beatriz Pozo Dekorazioak eta Ainhoa gizonezkoen ile-apaindegiak eskuratu dituzte, hurrenez hurren.

Azkoitiko Udalak eta Herrixen merkatari elkarteak gaur jakinarazi dituzte Gabonetako Erakusleiho Lehiaketako saridunak. Joan zen urtean bezala, Aizterri Home saltokiak irabazi du aurreneko saria, epaimahaiak honako hau kontuan izanda: "Erakusleihoaren aurkezpena dotorea da, argiztapen egokiarekin; erakusgai dagoen produktuaren ezaugarriak goraipatzen ditu, eta bezeroak Aizterriren munduan sartzera gonbidatzen ditu".

Bigarren saria, berriz, Beatriz Pozo Dekorazioak lortu du, eta hari dagokionez, epaimahaiak nabarmendu du saltokiak Gabonetako "eszena klasiko bat" aurkeztu duela, dagokion merkataritza-eremuari "keinu" eginez: "Eszena ondo integratuta dago erakusleihoaren espazioan, eta haren konposizioak eta haren puntu fokalak arreta jartzea lortzen dute", gaineratu dute.

Hirugarren saria, bestalde, Ainhoa gizonezkoen ile-apaindegiak bereganatu du, eta erakusleihoaren "sormen landua" eta "kontzeptuala" azpimarratu ditu epaimahaiak, udazkenetik negura igarotzea "modu grafiko batean" irudikatu duelako.

Sarituetako hiru saltokietako arduradunek, Txaro Alberdik, Beatriz Pozok eta Ainhoa Larrañagak Ana Azkoitia Merkataritza zinegotziaren eta Sara Rodriguez Herrixeneko teknikariaren eskutik jaso dituzte sariak, eta batak zein besteak esker ona adierazi dute parte hartu duten saltokiekiko, egin duten ahaleginagatik. Guztira, 11 dendak parte hartu dute lehiaketan, eta Gipuzkoako Merkatarien Federazioko ordezkariek osatu dute epaimahaia.

Sari horiez gain, Facebook bidez botoa eman dutenen artean 100 euroko erosketa bonua zozkatu dute antolatzaileek, eta Vanessa Mancisidorrek irabazi du sari hori.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide