Osasun publikoa babesteko eta negoziazioa eskatzeko elkartu dira anbulatorioan

Andoni Elduaien 2022ko abe. 22a, 14:49

Anbulatorioaren aurrean elkartu dira osasun langileak eta herritarrak. (Andoni Elduaien)

LAB, SATSE, ELA, SME, CCOO eta UGT sindikatuek deituta, elkarretaratzea egin dute gaur Azkoitiko anbulatorioan. Anbulatorioko osasun langileak atera dira atarira, eta hainbat herritar batu zaizkie haiei gero. Negoziazioa eskatzeko eta osasun publikoa babesteko egin dute gaurko mobilizazioa.

Azkoitiko anbulatorioko osasun langileek Osakidetza defenda dezagun. Stop inposizioari lelopean elkarretaratzea egin dute gaur, osteguna, anbulatorioan. LAB, SATSE, ELA, SME, CCOO eta UGT sindikatuek mobilizazio dinamikei ekin diote, negoziazioa eskatzeko eta osasun publikoa babesteko. eta gaur hainbat elkarretaratze egin dituzte ospitaleetan eta herriz herriko osasun zentroetan. Azkoitian, 13:00etan egin dute elkarretaratzea, eta hainbat herritarrek egin dute bat osasun langileen eskaerekin. EH Bilduko bi zinegotzi ere han izan dira.

Osakidetzaren "gobernu ereduari" eta "barne demokrazia sustatzeko premia larriari" buruzko hausnarketa egin behar direla uste dute sindikatuek. "Bertikaltasuna eta inposizioa Osakidetzako zuzendaritzan hasten dira, baina EAEko Osasun Zerbitzuaren egitura guztira hedatzen dira. Osakidetzaren demokratizazioak blokeoa gainditzea eta langileen ordezkariekin edukiak izango dituen benetako negoziazioa bultzatzea eskatzen du".

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide