Azkoitiko Udalak martxan jarri du plazako karilloi erlojua. Melodia bat jotzen duen kanpaia da karilloia, eta Azkoitian plazako erlojuan zegoen jarrita 2005az geroztik. Azken urteetan karilloi erlojuak puntuetako orduak soilik jo baditu ere, aurrerantzean melodia desberdinak eskainiko ditu puntuetako kanpaien ostean. Garai batean, berriz, Angelusa errezatzeko kanpaiak jotzen zituen eguerdian.
2023ko urtarrilaren 7ra arte, Gabonetako abesti ezagunen doinuak entzungo dira egunean bitan, 12:00etan eta 20:00etan, hain zuzen. Gabonetako egun hauetan, Hator hator edota Gaueko Izar abestiak joko ditu perkusiozko musika tresnak. Azkoitiko Udaleko Juan Bautista Mendizabal Ondare zinegotziak sustatuta jarri dute karilloia martxan. "Herriko ondarea ezagutzera emateko xedez" jarri du martxan erakundeak karilloia.
Urtarrilaren 7tik aurrera, berriz, bestelako melodia bat joko dute kanpaiek, baina udalak ez du aurreratu oraindik zein izango den abestia. Herritarrek gertutik jarraitu beharko dituzte kanpai hotsak, karilloiak urte berrian eskainiko duen abestia zein izango den jakin nahi badute bederen.