Herriko 11 saltokik eman dute izena XXVI. Gabonetako Erakusleiho Lehiaketan

Andoni Elduaien 2022ko abe. 14a, 14:34

Herriko saltokiek Gabon giroan apaindu dituzte saltokiak. (Pixabay)

Azkoitiko Udalak eta Herrixen merkatarien elkarteak antolatu dute beste urte batez Gabonetako Erakusleiho Lehiaketa. Guztira, 11 saltokik parte hartuko dute lehiaketan. Antolatzaileek hilaren 22an emango dute saridunen berri.

Martxan da Azkoitiko Udalak eta Herrixen merkatarien elkarteak antolatutako XXVI. Gabonetako Erakusleiho Lehiaketa. Aurten, herriko 11 saltokik eman dute izena lehiaketarako, hain zuzen, Naiena arropa dendak, Ainhoa gizonezkoen ile-apaindegiak, ETK Informatikak, Zero ile-apaindegiak, Beatriz Pozo dekorazioak, Maina mertzeriak, Iriondo optikak, Prest tindategiak, Aizterri Home dendak, Hizki papertegiak eta Namaste ile-apaindegiak.

Antolatzaileek adierazi dutenez, "tokiko merkataritza txikia bultzatzea" eta "Gabon giroa piztea" dira egitasmo honen xede nagusiak. Abenduaren 22an egingo dute sari banaketa ekitaldia, eta egun horretan bertan, lehiaketako saridunen saltokietara joango dira saria banatzera udaleko eta merkatari elkarteko ordezkariak.

Epaimahaiak hiru sari nagusi banatuko ditu aurten: lehen saria, 350 euroko bonua izango da; bigarren saria, 250 eurokoa, eta hirugarrena, 150 eurokoa. Bestalde, lehiaketan parte hartzen duten saltokien erakusleihoen argazkiak Facebooken jarriko ditu Herrixenek, eta herritarrek gehien gustatzen zaien argazkiei Atsegin dut eman ahalko diete. Zeregin horretan parte hartzen duten herritar guztien artean 100 euroko erosketa bonua ere zozkatuko dute. Horretarako azken eguna abenduaren 22a izango da, 12:00 bitartean.

Beste behin, erakusleiho lehiaketako epaimahaia Gipuzkoako Merkatarien Federazioko ordezkariek osatuko dute, eta horiek, besteak beste, produktua erakusteko modua, originaltasuna, modernitatea, argiztapena eta sormena baloratuko dituzte.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide