Datorren igandean, abenduak 4, Gipuzkoako Futbol Federazioak eta Anaitasuna futbol taldeak antolatuta, futbol egokituko topaketa egingo dute Txerloia futbol zelaian. Desgaitasunen bat duten haurrei eta gazteei zuzendutako topaketa egingo dute, eta kirola egiteaz gain, beraien artean sortzen diren erlazioak sustatzea du helburu.
Desgaitasun fisiko edo intelektuala duten 8 urtetik gorako neska-mutilei zuzendutako saioa eskainiko dute futbol zelaian, 11:00etan hasita. Prestakuntza eta sentsibilizazio programa baten ondorio dira topaketak. Sustatzaileen helburua da futbolaren inguruko begirada irekiagoa eta solidarioagoa ahalbidetuko duten elkarbizitza balioak bultzatzea, kirol hori sustatuz eta desgaitasuna duten kolektiboei futbolean jarduteko aukera erraztuz. Era horretan, etorkizunean futbol egokituan edota inklusiboan modu egonkorrean parte hartzeko nahiz lehiatzeko espazio bat sortu nahi dute.
Igandeko topaketan parte hartu nahi dutenek nahitaez eman beharko dute izena. Horretarako, Gipuzkoako Futbol Federazioaren fgf@escuelaentrenadores.com helbide elektronikora idatzi beharko da, edo 747 42 68 23 (Josu) telefono zenbakira deitu. Topaketa amaitu ondoren, gainera, parte hartzaile guztiek "sorpresa" bat jasoko dutela aurreratu dute Marea Urdinako kideek. Aurreko denboraldian bezala, aurten ere hainbat topaketa egingo dituzte Gipuzkoan zehar, eta Azkoitikoa da horietako bat. 2022-23 denboraldian, zortzi topaketa egingo dituzte Gipuzkoako bailara desberdinetan.