50 urte dira aurten Azkoitiak pilotako Gipuzkoako Herriarteko Txapelketa lehen aldiz irabazi zuela, eta urtemuga borobil hori tarteko, orduko hartan Bergara 3 eta 0 garaitu zuten pilotariak omendu zituzten atzo. Hain zuzen ere, txapela eta garaikurra jaso zituzten Larrañagak, Larrarrek, Orozkok, Zubizarretak, Ansolak eta Atano XII.ak. Gainera, haiekin kantxaratu zen duela 50 urte Azkoitiko taldearen arduradun zen Carlos Arrizabalaga Xapatero, Azkoitiak Herriartekoaren edizio hartan jaso zuen garaikurrarekin.
Gurea frontoian jaso zuten pilotari horiek omenaldia, ondoren partidako jokatu behar zituzten pilotari profesionalen, Aitor Sorazu dantzariaren eta Txalkor txistulari taldekoen babesean. Ez zen, gainera, atzokoa izan omenaldi bakarra; izan ere, bazkari bat ere egingo dute balentria hura lortu zuten pilotariek datozen asteetan.