Azkoitiko Gurutze Gorriak hiesaren prebentzioaz sentsibilizatzeko doako tailerra eskainiko du San Andres egunean, azaroak 30, herriko plaza nagusian. Datorren osteguna, abenduak 1, Hiesaren Aurkako Borrokaren Nazioarteko Eguna ospatuko da mundu zabalean, eta Gurutze Gorriak egun horren bueltan kokatu du asteazkeneko sentsibilizazio kanpaina.
Erakundearen arabera, "funtsezkoa" da harreman ez seguruek dakartzaten "arriskuez gizartea jabetzea eta sentsibilizatzea". Ildo horretan, sentsibilizatzeko eta hiesaren nahiz sexu-transmisiozko beste infekzio batzuk prebenitzeko materialak banatuko ditu Gurutze Gorriak herritarren artean, bereziki gazteen artean. Besteak beste, barneko nahiz kanpoko preserbatiboak, latexezko hesiak eta lubrifikatzaileak banatuko dituzte. Gurutze Gorriaren helburua da sexu harremanetan prebentziorako materiala erabiltzea garrantzitsua dela ohartaraztea.
Asteazkenean, 10:00etatik 14:00etara bitartean, herriko plaza nagusian postu bat jarriko dute Gurutze Gorriko lagunek, eta taldeen artean sentsibilizazio tailerrak egingo dituzte. Besteak beste, postu horretan errealitate birtualerako betaurreko batzuk izango dituzte, alkoholemiaren efektuak simulatzen dituztenak, eta sexu harremanetan prebentziorako materialaren erabileraz kontzientziatzen dutenak.