Azkoitiko Udalak jakinarazi duenez, aurten, urtarriletik azarora bitartean, indarkeria matxista jasan duten hamasei emakume artatu dituzte udaleko Gizarte Zerbitzuetan, iaz baino bat gehiago —udalak 2020ko azarotik 2021eko azarora bitartean zenbatu zituen orduan artatutako kasuak—.
Adinari dagokionez, gehienek 31 eta 45 urte bitartean dituzte; bost emakumek, hain zuzen ere. Artatu dituzten beste lau emakumek 18 eta 30 urte bitartean dituzte; beste lauk, berriz, 46 eta 59 urte artean; eta gainontzeko hiru emakumeak 60 urtetik gorakoak dira. Adin txikikoen artean, bestalde, ez dute indarkeria matxista kasurik identifikatu.
Udalak artatutako hamasei emakumeetatik erdiak baino gutxiago jarri dute salaketa; bost emakume izan dira Ertzaintzara jo dutenak salaketa jartzera, eta udalak adierazi duenez, horiei guztiei babes neurriak ezarri dizkiete.
Erakundeak adierazi duenez, indarkeria matxista jasan duten hamasei emakumeetatik zortzik bere kabuz jo dute udaleko Gizarte Zerbitzuetara; hiru emakume, berriz, Ertzaintzak bideratuta artatu ditu udalak, eta bost emakume beste bide batzuetatik detektatu ditu hark, hala nola mugimendu feministatik eta familia kideengandik.