Azaroaren 25a

Zergatik mobilizatu Azaroaren 25ean?

Maria Ramos eta Garazi Zabaleta (Urola Erdiko Itaia) 2022ko aza. 24a, 08:50

Itaiako kide diren Maria Ramos eta Garazi Zabaleta. (Urola Erdiko Itaia)

Indarkeria Matxistaren Aurkako Eguna izango da bihar, Azaroaren 25a, eta Urola Erdiko Itaiako kide Maria Ramosek eta Garazi Zabaletak iritzi artikulu hau bidali dute Maxixatzenera. Bihar Azkoitian egingo dituzten ekintzetara batzeko deia egin diete herritarrei.

Gainean dugu azaroaren 25a, Indarkeria Matxistaren Aurkako Eguna, eta oraindik, eguneroko ogi izaten jarraitzen dute emakumeok jasan behar ditugun indarkeria eta zapalkuntza egoera anitzek. Behin eta berriz bizi dugu gizon batek bere bikotekidea hil duela, festetan ziztatzen gaituztela, komentario eta ukitu desatseginak jasan beharra izaten dugula, lanaren feminizazioa, soldaten debaluazioa eta abar luze bat.

Azken urteotan gizartean aldaketa handiak eman dira. Geroz eta jende gehiagok du bere burua feministatzat, indarkeria matxistaren aurkako aldarriak geroz eta hedatuago daude, hots, nabaria da gizartean aldaketa kultural nabarmena eman dela. Nola da posible, beraz, indarkeria matxista kasuak gora egitea? Sistema kapitalistaren iraupenerako beharrezkoa delako. Indarkeria matxistak betetzen duen funtzioa langileoi lapurturiko gainbalioa handitzea da eta berau sozialki bermatzeko edozein antolakuntza mota oztopatzea, etsaitasunak sortuz eta klase batasuna etengabe oztopatuz. Beraz, beharrezkoa da matxismoaren aurkako edozein borroka lehen lerroan jartzea, kausak azaleraziz, figura diziplinarioak identifikatuz eta hauek borrokatzeko mekanismoak sortuz.

Honen aurrean egiten dugun lana sozializatzeko, propaganda politikoa ezinbestekoa zaigu, bai Azaroak 25ari begira eta bai urte guztian zehar egiten ditugun dinamika desberdinen harira: festetako erasoen aurkako protokoloa, emakume langileen eskolak… Horregatik, artikulu hau idaztea beharrezkoa ikusten dugu, izan ere, instituzioetatik at antolatzen den antolakunde politikoa denez Itaia, gure baliabideak eta mekanismoak urriak dira; hau horrela, kartelen eta pankarten presentzia ezinbestekoa zaigu gure jardunaren berri emateko Azkoitiko herriari. Eta aldi berean, herriko beste eragile batzuek bezala gure eskubide politikoen oinarri eta minimo bat delako herrian jarritako propaganda ez kentzea, finean, genero zapalkuntza lantzen duen antolakunde bakarrenetakoa garelako.

Zentzu honetan, Itaiatik emakume langileei antolakuntzarako deia luzatzen diegu. Garrantzia eman nahi diogu instituzioetatik kanpo antolatzeari; izan ere, horiek berdintasunaren inguruko hitzak eta mahaigaineratutako berdintasun politikak aurpegi zuriketarako baino ez dituzte erabiltzen, ez baitute gaitasun eta borondate errealik indarkeria matxistari aurre egiteko. Guk inolako zapalkuntzarik egongo ez den gizarte eredu berri bat eraikitzera bidean lanean jarraituko dugu. Hau horrela, Azaroak 25ean antolatu dugun egitarauan parte hartzera gonbidatu nahi zaituztegu. 17:30ean elkargunean kafe tertulia izango dugu, iritzi desberdinak entzuteko, elkar ezagutzeko eta egun honek azken urteetan galdu duen zentzua berreskuratzeko asmoz. Ondoren, 19:00etan herriko plazan deitu dugun kontzentraziora gonbidatzen zaituztegu.

Indarkeria matxistari aurre egiteko sozialismoa eraiki!

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide