Azaroaren 25a

Ekintza sorta, indarkeria matxista oro desagerrarazteko

Andoni Elduaien 2022ko aza. 23a, 09:22

Iaz, Indarkeria Matxistaren Kontrako Egunean margotutako muralaren irudia. (Udala)

Herriko zenbait eragilek ekintzak eta deialdiak egin dituzte datorren ostiralerako, Indarkeria Matxistaren Kontrako Egunerako. Arratsaldean, grafiti bat margotuko dute, poltsak banatuko dituzte eta kafe tertulia egingo dute. Iluntzean, berriz, udalak eta Urola Erdiko Itaiak elkarretaratze bana egingo dute, plazan.

Indarkeria Matxistaren Kontrako Eguna da etzi, Azaroak 25, eta ohi bezala, herriko eragile hainbatek deialdiak eta ekintzak egingo dituzte indarkeria matxista oro behin betiko desagerrarazteko.

Azkoitiko Udalaren Berdintasun Sailak "eguneroko jokabide matxistetan" jarri nahi du arreta aurten, "emakumea debaluatzen" duten eta "normalizatzen" joan diren praktiketan, hain zuzen. Mertxe Zubillaga Berdintasun zinegotziaren arabera, "kontzientzia hartzea" eta "jarrera matxistak geldiaraztea" ezinbestekoa da. "Askotan konfrontazioa saihesten dugu, jarrera horiek duten benetako esanahian eta eragiten dituzten ondorioetan gehiegi pentsatu gabe. Indarrak batu behar ditugu emakumeen aurkako indarkeria errotik desagerrarazteko, ezkutukoenetik tragikoeneraino". 

Beste urte batez, udalak eta Hezkidetza Foroak hainbat jarduera antolatu dituzte elkarlanean Azaroaren 25aren bueltan, berdintasunean "aurrera egiteko" eta "sentsibilizazioa lantzeko". Hezkidetza Foroan herriko bost ikastetxeek —Floreaga Ikastetxea, Xabier Munibe Ikastola, Izarraitz Lanbide Heziketa, Bizilore Eskola Aktiboa eta Azkoitia BHI—, kale hezitzaileek, Gazteria Zerbitzuak eta udaleko Berdintasun Sailak parte hartzen dute, eta programa bati esker berdintasuna sustatzeko eta estereotipoak, indarkeria zein esklusio mota guztiak desagerrarazteko lan egiten dute. Ostiralera begira, more koloreko sokak eta hariak banatu ditu udalak ikastetxeetan, eta sormenari bide emanda ikasleek berdintasunaren gaia landu dezaten eta sentsibilizazio jarduerak egin ditzaten. Ikastetxe bakoitzak egindako lanak bide batean jasoko dituzte gero.

Udalak antolatutako ekintzak

Ostiralean, 15:00etatik 18:30era bitartean, herriko zenbait gaztek grafitia marraztuko dute Kontzejupean. Artxamendi topalekuko begiraleak eta kale hezitzaileak izango dituzte bidelagun gaztetxoek. Marraztea amaitu bezain laster, berriz, bideo bat eskainiko dute leku berean. Bestalde, 17:30etik aurrera, udal ordezkariek Sexismoaren hariak eten kanpainako poltsak banatuko dizkiete herritarrei Kontzejupe inguruan. "Errespetuzko harremanak, berdintasuna eta segurtasuna espazio guztietan" nahi dituztela aldarrikatuko dute udal ordezkariek poltsa banaketan.

18:30ean, ostera, udalak Indarkeria Matxistaren Kontrako Eguneko elkarretaratzea egingo du herriko plaza nagusian. Era berean, erakundeak jakinarazi du Adierazpen Instituzionala era kaleratuko duela Azaroaren 25aren harira. Espazio publikoa "berdintasun-baldintzetan erabiltzeko" eta horiez gozatzeko "emakumeek duten eskubidea" aldarrikatuko dute testuan.

Itaiaren deialdiak

Urola Erdiko Itaiak ere deialdiak egin ditu Indarkeria Matxistaren Kontrako Egunerako. Joan den larunbatean, mahai ingurua egin zuten Itaiako kideek eta adinekoen egoitzako langileek Elkargunean, eta han "emakumeek lan munduan bizi duten zapalketaz" luze-zabal aritu ziren. Ostiralerako, ordea, beste bi deialdi egin dituzte. 17:30ean, kafe tertulia egingo dute Elkargunean, eta 19:00etan, mobilizazioa, herriko plazan.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide