Jatabeko (Bizkaia) Billabasok jantzi du Kintopekoen San Andres Idi Dema Sariko txapela. Larunbat gauean jokatutako proban, 58 plaza eta 2,83 metro egin zituzten etxe horretako idiek, eta probak jokatu diren lau egunetan haren lana hobetu duenik egon ez denez, atzo jantzi zituen txapela eta manta Billabasok.
Atzo, 22:00etan, jokatu zuten sariketako laugarren eta azken jardunaldia. A. Gabirondo (Orio, Gipuzkoa), I. Pagadizabal (Hondarribia, Gipuzkoa) eta Zornotza (Zalla, Bizkaia) etxeetako idiak aritu ziren nor baino nor gehiago, eta Zallako uztarriak egin zuen lanik onena, 56 plaza eta 1,73 metro eginda. Zornotza anaiak ez ziren Billabasoren lana ontzera ailegatu, baina lan txukuna egin zuten, sailkapen orokorrean bigarren postua ziurtatuz. Igone Pagadizabalen idiek, berriz, 53 plaza justu osatu zituzten, eta A. Gabirondorenek 52 plaza.
Ipintza harriarekin aritu dira jokatzen San Andres Idi Dema Saria. Azkoitiko txapelketa, gainera, Gipuzkoako Kintopeko Txapelketarako azken proba puntuagarria izan da. Uztarri onenek abenduaren 12an jokatuko dute finala, Aian (Gipuzkoa).
Hona hemen sailkapen orokorra:
- Billabaso (Jatabe) - 58 plaza eta 2,83 metro.
- Zornotza anaiak (Zalla) - 56 plaza eta 1,73 metro.
- Belamendi (Errezil) - 55 plaza.
- Oliden (Orio) - 54 plaza eta 3,6 metro.
- I. Pagadizabal (Hondarribia) - 53 plaza.
- A. Gabirondo (Orio) - 52 plaza.
- Txokolate (Errezil) - 51 plaza, lau zinta eta 2,43 metro.
- Igeldo (Ezkio) - 51 plaza.
- Mendigoiti (Eibar) - 48 plaza.
- Tubilla (Gatika) - 42 plaza eta 3,25 metro.
- Zumeltzu (Zamudio) - 41 plaza eta 1,95 metro.
- Artola (Oiartzun) - 40 plaza, zinta bat eta 2,65 metro.
- Maia (Aia) - 38 plaza eta 2,48 metro.