Gaur, astelehena, jokatuko dute San Andres Idi Dema Sarien azken jardunaldia Gurea pilotalekuko probalekuan. Joan den ostiralaz geroztik hiru idi dema jokatu dituzte han, eta Jatabeko (Bizkaia) Billabasoren uztarriak larunbat gauean egindako marka da orain arteko onena; 58 plaza eta 2,83 metro egin zituzten etxe horretako idiek. Orain arteko bigarren lanik onena Errezilgo (Gipuzkoa) Belamendik egin du. Ostiralean, 55 plaza justu egin zituzten etxe horretako ideiak. Orioko (Gipuzkoa) Oliden etxeko idi pareak, berriz, 54 plaza eta 3,6 metro egin zituen, hirugarren lanik onena eginez.
Gaur, astelehena, jokatuko dute San Andres Idi Dema Sarien azken jardunaldia, 22:00etan. A. Gabirondo (Orio, Gipuzkoa), I. Pagadizabal (Hondarribia, Gipuzkoa) eta Zornotza (Zalla, Bizkaia) etxeetako idiak izango dira gaurko protagonistak. Ikusteko dago, beraz, gaurko lanek sailkapenean eraginik izango duen edo ez. Ipintza harriarekin ari dira jokatzen San Andres Idi Dema Saria. Azkoitiko txapelketa, gainera, Gipuzkoako Kintopeko Txapelketarako azken proba puntuagarria izango da. Uztarri onenek abenduaren 12an jokatuko dute finala, Aian (Gipuzkoa).
Hona hemen gaur-gaurkoz sailkapena zein den:
- Billabaso (Jatabe) - 58 plaza eta 2,83 metro.
- Belamendi (Errezil) - 55 plaza.
- Oliden (Orio) - 54 plaza eta 3,6 metro.
- Txokolate (Errezil) - 51 plaza, lau zinta eta 2,43 metro.
- Igeldo (Ezkio) - 51 plaza.
- Mendigoiti (Eibar) - 48 plaza.
- Tubilla (Gatika) - 42 plaza eta 3,25 metro.
- Zumeltzu (Zamudio) - 41 plaza eta 1,95 metro.
- Artola (Oiartzun) - 40 plaza, zinta bat eta 2,65 metro.
- Maia (Aia) - 38 plaza eta 2,48 metro.