Hasi da Euskaraldia, eta dagoeneko asko dira ahobizi eta belarriprest txapak soinean daramatzaten herritarrak. Ordea, Azkoitiko Euskaraldiaren herriko batzordeko kideek azaldu dutenez, "herritar askok ez dute txapa jaso", eta hori ikusirik, txapak banatzeko postua jarriko dute bihar eta etzi. Azoka Plazako udalaren gela batean jarriko dute postua, hain zuzen, Udane Juaristiren muralaren aurrekoan. Bihar 12:00etatik 13:00etara egongo da txapak jasotzeko aukera eta astelehenean 17:30etik 19:30era. Txapak jasotzeko ez ezik, Euskaraldiaren banderolak erosteko aukera ere jarriko dute batzordeko kideek.
Hitzez ekiteko garaia da lelopean ari dira egiten 2022ko Euskaraldia, eta ariketan parte hartzera deituta daude 16 urtetik gorako euskal herritarrak. Azkoitiko Euskaraldiaren batzordeko kideek jakinarazi dutenez, dagoeneko iritsi dira 2020ko parte-hartze datuetara. Dena den, datozen egunetan emango dituzte datu zehatzak.