Etzi, ostirala, hasiko da Euskaraldia, eta euskararen erabileran eragitea xede duen ariketa kolektiboa hasteko prestatzen ari dira herrian ere. Astelehenaz geroztik, Euskaraldiaren Azkoitiko batzordeko kideak herriko plazako arkupetan ari dira ahobizi eta belarriprest txapak banatzen. Gaurkoa eta biharkoa izango dira txapak jasotzeko egunak. Goizez, 12:00etatik 13:00etara jarriko dute mahaia, eta arratsaldez, 17:30etik 19:30era bitartean.
Hitzez ekiteko garaia da lelopean egingo da aurtengo Euskaraldia, eta ariketan parte hartzera deituta daude 16 urtetik gorako euskal herritarrak. Norbanakoen izena emateko epea zabalik dago oraindik, eta parte hartu nahi dutenek online eman ahal dute izena, Euskaraldiaren webgunearen bidez. Horrez gain, txapak jasotzeko mahaian bertan, udaletxean eta Elkargunean ere eman daiteke izena bihar arte.