Sanandresak 2022

Asteburuan hasiko dira San Andres jaiei lotutako lehen ekintzak

Andoni Elduaien 2022ko aza. 14a, 10:50

Duela urte batzuetako San Andres eguneko irudi bat.

San Andres egunaz gain, datozen lau asteburuetan izango dira sanandresei lotutako ekintzak herrian. Aste honetan, esaterako, idi demak eta musika nahiz dantza ikuskizunak izango dira herrian. Azkoitiko Udalak aste honetan banatuko du sanandresetarako prestatu duen egitaraua.

Gero eta gutxiago falta da San Andres eguna iristeko. Egunaz gain, azken urteetan azaro osora zabaldu dira San Andres jaiei lotutako bestelako ekintzak, eta hala izango da aurtengo urtean ere; izan ere, aste honetan bertan hasiko dira sanandresetako ekintzak. Udalak hamaika ekintza prestatu ditu aurtengo sanandresetarako, eta datozen egunetan banatuko du horren berri ematen duen egitaraua etxez etxe.

Ostiralean, San Andres Idi Dema Sariaren lehen jardunaldia jokatuko dute Gurea probalekuan, 22:00etan. Larunbatean, berriz, hitzordu bat baino gehiago izango da herrian. 19:00etan, Sahatsa dantza taldeak, Iraurgi abesbatzak eta Udal Musika Bandak Oi, lur musika eta dantza ikuskizuna eskainiko dute Baztartxon. Sarrera doan izango da, eta beraz, herritar orok izango du emanaldia zuzenean ikusteko aukera. 22:00etan, San Andres Idi Dema Sariaren bigarren jardunaldia jokatuko dute Gurean, eta 23:00etan, Huntza musika taldeak kontzertua eskainiko du herriko plazan. Idi demen hirugarren eta laugarren jardunaldiak igandean eta astelehenean ere izango dira frontoian; 18:00etan izango da igandean, eta astelehenean, 22:00etan.

Hurrengo asteburuan, gehiago

Hilaren 25ean, ostiralez, pilotari profesionalen eskuz binakako pilota partidak jokatuko dituzte Gurea pilotalekuan. Lau eta erdiko txapelketaren finala datorren igandean jokatuko dute Altuna III.ak eta Ezkurdiak, eta hura jokatu ondoren, datorren astean aurkeztuko dute eskuz binakako txapelketa. Hain zuzen, aurkezpenean bertan jakinaraziko dituzte Gurean arituko diren zortzi pilotarien izenak. Beraz, Azkoitian hasiko da aurten profesionalen eskuz binakako pilota txapelketa.

Hilaren 26an, larunbatez, kirol eta kultur ekintzak izango dira herrian. Zubiaurre igeriketa klubak antolatuta, haurrentzako San Andres Igeri Saria jokatuko dute Elkarguneko igerilekuan, 16:00etan. 16:30ean, berriz, Raka Maraton taldeak antolatutako XVII. Herri Lasterketa jokatuko dute. Proban parte hartzeko izen-ematea zabalik dago oraindik herrikrosa.eus webgunean. 22:00etan, bestalde, sanandresetako helduen danborrada egingo dute herriko kaleetan zehar. Guztira, 11 taldek parte hartuko dute aurten, inoizko talde kopuru handiena da.

Azaroaren 27a izango da San Andres egunaren aurreko azken jai eguna. Goizean, herriko baserritarrek postuak jarriko dituzte herriko plaza nagusian, eta Kontzejupean ehoziri edo bolillo erakusketa egingo dute. 11:00etatik aurrera, berriz, gobernuz kanpoko zenbait erakundek Garapenean Bidelagun izeneko azoka jarriko dute plazan bertan. Beraien produktuak saltzeaz gain, erakundearen egitekoa zein den azalduko dute postuetan. 12:00etan, bestalde, Bizkargi musika eskolako dantzariak nahiz musikariak eta Txalkor txistulari taldeko kideek kalejira egingo dute herrian barrena.

Egunean, ohiko egitaraua

Asteazkenez ospatuko dute aurten azkoitiarrek San Andres eguna, eta betiko lepotik izango du burua aurten ere jaia. Egun osoan zehar, ikastetxeek eta bestelako eragileek postuak jarriko dituzte plazako arkupeen bueltan, eta han jan-edanaz gozatzeko aukera izango dute herritarrek. Bestalde, Txuri Urdin elkarteak antolatutako marrazki eta pintura lehiaketa 10:00etan hasiko da. Lehiaketaren sari banaketa ekitaldia 14:00etan egingo dute plazako oholtzan.

Herriko trikitilari gazteen kalejira ere izango da San Andres egunean; 10:00etan hasiko dira haiek trikitixa piezekin herriko kaleak girotzen. 12:30ean, herri kirol jaialdia izango da plazan. Arratsaldean, ostera, Oteiza pilota elkarteak antolatutako XLVIII. Kontzejupeko Pilota Txapelketaren finalak jokatuko dituzte. 17:00etan hasiko dira finalak, eta hainbat partida ikusteko aukera izango da udaletxe azpiko pilotalekuan.

Abenduaren 4an, azkenik, Anaitasuna Kakute xake taldeak antolatutako XXVII. San Andres Xake Txapelketa jokatuko dute Elkarguneko Herriko plaza aretoan. 10:00etan hasiko da lehia, eta herriko nahiz inguruko xakelari onenek parte hartuko dute.

Erlazionatuak

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide