Euskara ulertzen duten hiztunen arteko hizkuntza ohiturak aldatzeko ariketa soziala da Euskaraldia, gizartearen gune guztietara zabaldua eta denborari dagokionez mugatua. Azkoitiko Euskaraldiko batzordeak jakinarazi duenez, gaur-gaurkoz 922 azkoitiar daude izena emanda Euskaraldian. Hain zuzen, kopuru hori adierazten dute herriko plazan eta Elkargunean jarri dituzten markagailuek.
Azaroaren 17ra arteko epea dago ahobizi edo belarriprest roletako batean izena eman eta Euskaraldian parte hartzeko. Herrian izena emateko aukera udaletxean eta Elkargunean dago, baita Euskaraldiaren webgunean ere; datorren astean, berriz, Portaleburu erakusketa aretoaren atarian jarriko duten mahaietan ere eman ahal izango da izena. Izan ere, Euskaraldiko batzordeko kideak datorren astelehenetik ostegunera bitartean egongo dira erakusketa aretoaren aurrean, eta txapa banaketa ere orduan egingo dute. Goizez, 12:00etatik 13:00etara jarriko dute mahaia, eta arratsaldez, 17:30etik 19:30era. Egun horietan, gainera, Euskaraldiko banderolak ere salduko dituzte 5 eurotan.
Euskaraldiaren helburu nagusia herritarren hizkuntza ohiturak aldatuta, euskararen erabilera handitzea da. Azaroaren 18tik abenduaren 2ra egingo da ariketa aurten, eta norbanakoek ahobizi edo belarriprest bezala parte hartzeko aukeraz izateaz gain, taldean parte hartzeko aukera ere izango dute entitateek arigune rolaren bidez.