Dagoeneko eska daiteke Azkoitiko Udalak alokairua ordaintzeko hainbat kolektibori ematen dion dirulaguntza, eta azaroaren 29a bitartean egongo da horretarako aukera. 18 eta 35 urte bitarteko gazteek, mugikortasun urria edo ezgaitasun absolutua duten herritarrek, bananduta edo dibortziatuta daudenek eta 65 urtetik gorakoek zein alargunek eska dezakete laguntza hori. Eskatzaileek bizi diren etxea alokairuan izan beharko dute, edota abenduaren 29a baino lehen alokairu kontratua sinatzeko konpromisoa hartu beharko dute.
Laguntzaren onuradun izan daitezke etxebizitza partekatzen dutenak ere, betiere errenta kontratua banan-banan horietako denek sinatzen badute. Bestalde, laguntza horietatik kanpo geldituko dira sustapen publikoko babes ofizialeko etxebizitzak, logelen alokairuak edo Bizigune programaren barruan daudenak, besteak beste. Horrez gain, laguntza jasotzeko alokairu kontratuaren iraupenak gutxienez urtebetekoa izan beharko du, eta errentak gehienez 550 eurokoa.
Izapideak egiteko bi modu daude, aurrez aurre zein online. Beraz, eskaerak udaletxeko Herritarren Arreta Zerbitzuan (HAZ) edo Azkoitiko Udalaren webgunean egin ahal izango dira.
Dirulaguntza deialdia joan den asteartean argitaratu zuten Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean, eta honako lotura honetan irakur daitezke xehetasun guztiak.