Bebarruko Jardunetako azken kontzertuak izango dira zapatu gauean Matadeixen

Andoni Elduaien 2022ko aza. 3a, 09:28

Trini Fox taldearen 'Sutan' abestiaren bideoklipeko irudia. (Trini Fox)

Trini Fox, Sega Sound Killers eta Zimitrenko taldeek joko dute Matadeixen, 22:30etik aurrera. Hiru emanaldiak ikusteko sarrerak 7 euro balio du, eta Matadeirako sarreran eskuratu ahalko dira.

Zapatuan amaituko dira udazkeneko Bebarruko Jardunek Matadeixen. 22:30etik aurrera, Trini Fox eta Sega Sound Killers taldeek joko dute aretoan, eta horien kontzertuak amaitutakoan, Zimitrenkok emanaldia eskainiko du. Kontzerturako sarrerak larunbatean bertan salduko dituzte Matadeirako sarreran, 7 eurotan.

Sega Sound Killers taldeak bigarren diskoa kaleratu berri du, Dolu izenekoa, eta hura aurkeztuko du Matadeixen. Musika abentura ezberdinetan ibilitako musikariak batu dira egitasmoan, eta rock izaerako kantuak giro elektronikoetan sakondu dituzte. Dolu lan berria hamabi abestiz dago osatuta, eta horietako bakoitza istorio bat den arren, kontakizun bat ere bada diskoa bere osotasunean. Hain zuzen, dolua bere fase guztietan ikustarazteko ahalegina egin dute. Besteak beste, Sara Zozayak, Fermin Muguruzak, Juantxo Glaukomak, Zuriñe Hidalgok, Zaloa Urainek eta Haritz Letek kolaboratu dute Sega Sound Killers taldearen disko berrian. Erritmo dantzagarriak nahiz indartsuak dituen zuzeneko kementsua eta bizia taularatuko dute taldekideek.

Trini Fox taldea izango da eguneko bigarren protagonista Matadeiko oholtzan, eta Azkoitiko, Azpeitiko eta Bergarako lagunek osatutako taldeak ere kaleratu berri duen diskoa aurkeztuko du aretoan, hain zuzen ere, Deabrua izeneko EP berria —Sutan, Ni hau naiz eta Engainatuz abestiek osatzen dute EP berria—. Punk rock, stoner, hard rock eta rock alternatibo doinuak jorratzen ditu Suharri Aranburuk, Iosu Garatek, Iñaki Zubeldiak eta Xabier Iñurrietak osatzen duten Trini Fox laukoteak.

2015ean sortu zen Trini Fox, eta, gaur-gaurkoz, lau proiektu aurkeztu ditu taldeak: Bila nabil (2016), Letaginak (2017), Ataraxia (2020) eta oraintsu kaleratu duen Deabrua (2022). Lehen diskoetatik taldearen egitura aldatu egin da; izan ere, taldea hirukote bezala hasi bazen ere, laukote izatera igaro da gero. Gainera, taldekideen joan-etorriak ere izan dituzte azken urte hauetan. Trini Foxeko kideen kontzertuaren ostean, Zumitrenkok eskainiko du emanaldia Matadeixen. Hark itxiko ditu udazkeneko Bebarruko Jardunek.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide