Afizionatuen esku pilotako DV Torneoaren XXXI. edizioa Azkoitira iritsiko da datorren ostiralean, azaroaren 4an. 21:00etan hasiko da jaialdia Gurea pilotalekuan.
Txapelketaren bederatzigarren jardunaldiko partidak dira Azkoitian jokatuko dituztenak, hiru guztira, eta Aranbarri azkoitiarra izango da kantxaratuko direnetako bat. Gaueko bigarren partidan, etorkizunekoen edo promesa mailakoan, ariko da aurrelari azkoitiarra; Eskuza izango du bikotekidea, eta Etxeberriaren eta Belokiren kontra ariko dira.
Gaueko lehen partidan, emakumeen torneokoan, buruz buru jokatuko dute Arrillagak eta Arraizak. Eta jaialdiaren hirugarren partidan, senior mailakoan, Igoak eta Ugartemendiak Senarrekin eta Balerdirekin neurtuko dituzte indarrak.