Anaitasunako emakumeek etxean irabazi eta gizonek kanpoan berdindu dute

Mailo Oiarzabal 2022ko urr. 30a, 10:43

Euskal Ligako taldearen artxiboko irudia. (Anaitasuna)

Euskal Ligako taldeak 2-0 gainditu zuen Txerloian Oiartzun B taldea. Hirugarren Mailan, berriz, puntu bat atera zuten gorritxoek Touringen zelaian.

Anaitasuna futbol klubaren bi talde nagusiek atzo jokatu zituzten asteburu honetako partidak. Emakumeen Euskal Ligako taldeak hiru puntuak eskuratu zituen etxean, Oiartzun B 2-0 gaindituta. Hirugarren Mailako gizonak, berriz, puntu batekin itzuli ziren Touringen zelaitik, 1-1 egin ostean.

Aurreko jardunaldian Pauldarrak taldearen etxean porrot garbia jasan ondoren, Oiartzun B taldea hartu zuen atzo Txerloian Anaitasunak, Euskal Ligako bederatzigarren jardunaldiaren barruan. Azken jardunaldiko zauriak sendatzea lortu zuen Mikel Barkeroren taldeak, denboraldiko laugarren garaipena poltsikoratuz. Partida hasi eta berehala lortu zuen Anaitasunak behin betiko bilakatuko zen emaitza. Izan ere, lehen minutuan egin zuen 1 eta 0ekoaMaider Badiolak; eta handik bost minutura, Oiartzungoek beren atean sartu zuten baloia. Neurketaren seigarren minuturako 2-0 aurretik ziren, beraz, gorritxoak, eta emaitza horri eustea lortu zuten bukaerara arte. Barkerorenek beste pare bat aukera on izan zituzten markagailua puzteko, Oiartzunek ia ez zuen arriskurik sortu, eta aise eta sendo sinatu ahal izan zuen garaipena Anaitasunak.

Atzo batutakoekin, 13 puntu dituzte gorritxoek, eta zortzigarren postuan daude. Datorren astean, Erandioko Betiko Neskak taldearen zelaian jokatuko du Anaitasunak.

Kanpoan bana

Hirugarren Mailan, Xabi Artetxeren gizonek 1-1 egin zuten Errenterian (Gipuzkoa), Touringen zelaian. Garaipena gertu izan zuten Anaitasunakoek, baina puntu bakarrarekin konformatu behar izan ziren azkenean.

Bigarren zatian iritsi ziren partidako bi golak Fanderian. Touringek izan zuen aurretik jartzeko aukera, baina Masachek gelditu egin zuen etxekoen penalti jaurtiketa 56. minutuan. Azkoitiarrek 71. minutuan egin zuten gola: Xabi Arzalluzek area ertzeko faltatik erdiraketa gaiztoa atera zuen, eta inork ukitu gabe, zuzenean sartu zen baloia atean. Ander Pastriainek bigarrena egiteko abagune garbia izan zuen 75.ean, baina ez zion etekinik atera etxeko atezainaren eta atzelari baten arteko gaizkiulertuari. Eta 83.ean abisua eman ondoren, 85. minutuan egin zuen Touringek 1 eta 1ekoa.

Zortzigarren jardunaldiaren ondoren, bederatzigarrena da Anaitasuna sailkapenean, 9 punturekin. Datorren asteburuan, sailkapenaren goi aldean dabilen Deusto hartuko dute gorritxoek Txerloian.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide