Euskalerriaren Adiskideen Elkarteak (EAE) kide berria du gaurtik: Anton Ugarte. Oñatiarra, Balioen Filosofia eta Gizarte Antropologian doktore, besteak beste Euskaltzaindiaren Euskararen Historia Soziala egitasmoan eta erakunde horren Azkue Bibliotekan eta Artxiboan lan egindakoa da Ugarte, eta liburuzain laguntzailea da gaur egun Donostiako udal liburutegi sarean.
Izenak besterik ez... XX. mendeko Donostiako eta Gipuzkoako kultur elkarteetako kideen datu base baterako oharrak (Euskalerriaren Adiskideen kasua) izenburua zuen gaur Ugartek Intsausti jauregian, EAEren egoitzan, aurkeztu duen ikasgaiak. Kide izendatu duen elkartearen XX. mende hasierako kideen zerrendak aztertu eta, kide horien izenak ez ezik, haien nondik norakoak ere arakatu ditu Ugartek gaur aurkeztu duen lanerako.
Ordu erdi inguru iraun du Ugarteren sarrera ikasgaiaren aurkezpenak. Luis Elizegi EAEren presidentea eta Pedro Berriotxoa kidea izan ditu ondoan Ugartek gaurko ekitaldian. Berriotxoak egin dio harrera hitzaldia, adiskide numerario berriak bere aurkezpena amaitu duenean; eta ekitaldia Agur Jaunak abestuz itxi aurretik jaso ditu Ugartek, Elizegiren eta Berriotxoaren eskuetatik, adiskide numerarioaren domina eta diploma. Hitzartzetik hitzartzera, musikak ere izan du bere tokia gaur eguerdiko ekitaldian, Tommaso Galati gitarristaren eskutik.