Udazkenarekin batera datoz aurten ere Maxixatzen euskara elkarteak antolatutako Orbel-jokuak. Euskaran eta euskal kulturan sustraituta, ondo pasatzea da jolasaren helburua; herritarrek hizkuntzarekin eta euskal kulturarekin lotutako kontuetan parte hartzea, jolasean elkar hobeto ezagutuz, eta, bide batez, kontu berriak ikastea.
Bihar, asteartea, irekiko da lehiaketan parte hartzeko izen-ematea, eta larunbata izango da izena emateko azken eguna. Taldeari izena jarri eta ondoren taldearen izena eta kideen informazioa 675 85 71 11 Whatsapp zenbakira edo maxixatzen@maxixatzen.eus posta elektronikora bidali beharko dituzte herritarrek.
Aurreko edizioetako antzeko dinamika izango du lehiaketak. Azaroaren 7an hasita, hiru astetan galderak proposatuko zaizkie talde guztiei. Galdera horiek astelehenero argitaratuko dira Maxixatzen.eus webgunean, eta taldeek, osteguneko 15:00ak arte izango dute erantzunak bidaltzeko epea, 675 85 71 11 telefono zenbakira edo maxixatzen@maxixatzen.eus helbide elektronikora.
Antolatzaileek aurreratu dutenez, lehen astean, azaroaren 7koan, galdera orokorrak egingo dituzte, azaroaren 14ko astean Euskaraldiaren inguruko galderak erantzun beharko dira, eta azkenik, 21eko astean, Maxixatzen 25 urteko erreportaje digitaleko Erein atalari buruzko galderak egingo dituzte.
Punturik gehien lortzen dituzten hiru taldeak sailkatuko dira finalera, eta talde horiek herriko saltokietan gastatzeko bonuak irabaziko dituzte: lehen sailkatuak 450 euroko txartela, bigarren taldeak 300 eurokoa, eta hirugarrenak 150 eurokoa. Gainera, parte hartzen duten talde guztien artean beste 150 euroko bonu bat zozkatuko dute.