Aurrera jarraitzen dute udazkeneko Bebarruko Jardunek, eta zapatuan, hilak 29, Matadeiko agertokia ondo baino hobeto ezagutzen duten Putan Club taldearen kontzertua izango da, 22:30ean hasita. François R. Cambuzatek eta Gianne Grecok osatzen dute Putan Club, eta 700 emanaldi baino gehiago eskaini dituzte Europan, Afrikan zein Asian. Sarrerak egunean bertan jarriko dituzte salgai, Matadeiko leihatilan, zazpi euroren truke.
Matadero Ekintzakek sare sozialetan adierazi duenez, "erresistentzia zelula" moduan jaio zen Putan Club: "Erresistentzia mende honetako instrumentu arkaikoekin eta berehalakoekin antolatzen da: ahots eta marmar elektrikoak, gerra orgak eta esandako hitzak... Haitzuloetako pinturetatik hasi eta kontzeptualismo ausarteraino doan tartea bezala, avan-rocketik musika klasiko garaikidera, ezpainetan muxu ematetik ipurdian ostikada ematerainokoa da Putan Club".
Azaroaren 5ean izango da udazkeneko Bebarruko Jardunen laugarren eta azken ekitaldia. Hain zuzen ere, Trini Fox taldeak disko berria aurkeztuko du Matadeixen; horrez gain, Sega sound killers eta Zumitrenko taldeak ere izango dira agertoki gainean.