Estreinatu dute dagoeneko joan zen mendearen erdialdean ezagun egin zen Los Xey talde entzutetsuaren inguruko dokumentala: Los Xey. Una historia de película. Xipri Larrañaga azkoitiarra izan zen talde horretako kideetako bat, eta hura arduratu zen taldearen musika zuzendaritzaz, abestien moldaketez eta garai hartan oso ezagunak egin ziren irratirako hainbat iragarki egiteaz.
Eneko Olasagastik zuzendu du dokumentala, eta atzo, asteartea, izan zen estreinaldia Donostiako Viktoria Eugenia antzokian. Bertan izan ziren dokumentalaren egileak xehetasun gehiago ematen. Larrañagak eta Xabin Olaskoagak idatzitako Memorias de Los Xey liburutik hartu du informazioa dokumentalaren zuzendariak lana ontzeko.
Euskal Herritik kanpo, Espainian, Katalunian, Frantzian, Alemanian nahiz Amerikako hainbat herrialdetan (AEBetan, Argentinan, Txilen, Kuban, Venezuelan eta Mexikon) ibili ziren, arrakastaz arrakasta taldea. Hainbat disko ere grabatu zituen: El reloj del abuelo, Jalisco nunca pierde eta Los de Amaika, esaterako. Baita filmetan parte hartu ere: Historias de la radio (J.L. Saenz de Heredia, 1955) eta Habanera (J.M. Elorrieta, 1959).
Maxixatzen aldizkariak joan zen otsaileko zenbakian argitaratu Los Xey talde entzutetsuari buruzko erreportajea, eta hemen irakur daiteke osorik.