400 futbol partida baino gehiago jokatuko dituzte asteburuan 3x3 Futbol Festan

Andoni Elduaien 2022ko urr. 25a, 09:12

Duela urte batzuetako 3x3 Futbol Festako irudi bat.

Etzi, osteguna, 17:15etik 19:00etara bitartean banatuko dituzte Kontzejupean 3x3 Futbol Festako elastikoak. Etzi, Azkoitiko eta Azpeitiko taldeek jaso beharko dituzte kamisetak; gainerako herrietako taldeek lehen partidaren egunean jaso ahalko dituzte.

Futbolak protagonismo berezia hartuko du asteburuan Azkoitian; izan ere, larunbatean, igandean eta asteartean jokatuko dute Azpeitia Cup taldeak antolatutako 3x3 Futbol Festa. Guztira, 180 taldek eman dute izena, eta hori horrela, HH4 eta LH6 mailen arteko 800 neska-mutil baino gehiago elkartuko dira herriko plazan.

Urtero bezala, antolatzaileek kamiseta banaketa egingo dute hitzordua baino lehen. Hain zuzen, 3x3 Futbol Festan izena eman duten Azkoitiko eta Azpeitiko taldeek etzi, osteguna, jaso beharko dituzte kamisetak. 17:15etik 19:00etara bitartean egongo dira antolatzaileak kamisetak banatzen Kontzejupean. Era berean, parte hartzaile bakoitzak domina bat jasoko du oroigarri gisa. Gainerako herrietako taldeek lehen partidaren egunean jaso ahalko dute elastikoa.

Azpeitia Cupen hitzetan, "arrakasta biribila" izan du aurtengo 3x3 Futbol Festaren izen-emateak. 400 futbol partida baino gehiago jokatuko dituzte Azkoitiko plazan, eta dagoeneko igorri diete talde bakoitzari ordutegien dokumentua. Futbol Festaren hiru egunetan Azkoitiko, Azpeitiko, Errezilgo, Zestoako, Urretxuko, Zumarragako, Zumaiako eta Zarauzko haurrak arituko dira futbolean herriko plazan.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide