Tokikomek bere hamargarren urteurrenarekin lotuko ditu aurtengo Tokikom Sariak

Erredakzioa 2022ko urr. 25a, 09:11

Iazko Tokikom Sarietako irudia.

Tokikomek azaroaren 11n egingo du Tokikom Sariak banatzeko ekitaldia, ArantzazuLAB aretoan. Sariketaren aurtengo ekitaldia berezi samarra izango da, komunikazio taldeak bere sorreraren hamargarren urteurrenarekin lotu nahi baitu.

Kazetaritza lanak baino, komunikazio proiektuak

Tokikom Sarietan toki komunikabideen kazetaritza lanak saritzen dira normalean. Aurtengo edizioan, berriz, Elkarrekin bidea eginez leloaz, hamar urte hauetan nabarmendu diren tokiko komunikazio proiektuak sarituko dira, Tokikomeko bazkideen artean dagoen aniztasuna eta egiten den lan eskerga aldarrikatzeko asmoz.

10 urteko errepasoa, ikus-entzunezko dokumental batean

Sariak banatzeaz gain, Tokikomek aukera aprobetxatuko du taldearen 10 urteko historia laburbiltzen duen ikus-entzunezko lan bat estreinatzeko. Dokumental horretan euskarazko toki komunikabideak batzen dituen taldeak orain arte egindako ibilbidea kontatuko da, ibilbide horretan zuzenean parte hartutako lekukoen azalpenen bitartez.

Barne gogoetarako foroa

Horrez gain, goizean zehar hainbat mahainguru izango dira, Tokikom osatzen duten toki komunikabideen arteko iritzi trukea sustatzeko, sektoreak hurrengo urteetarako mahai gainean dituen erronkak ardatz hartuta: Tokikomen beraren izaera eta funtzioa hurrengo urteetan, komunikabideen finantzazioarekin lotutako erronkak, digitalizazioak dakartzan aukera berriak… Mahainguru horietan, taldea osatzen duten
komunikabideen esperientziak eta espektatibak ere landuko dira.

Ospakizun publikoa, 2023an

Aurreko edizioetan ez bezala, 2022ko Tokikom Sarien ekitaldia gehienbat barrura begirako topaketa izango da, taldea osatzen duten bazkideen arteko harremanak landu eta hurrengo urteetako lana enfokatzeari begira. Hamargarren urteurrenaren ospakizun publikoa egiteko, taldea beste ekitaldi handiago bat prestatzen ari da, 2023ko lehen hiruhilekorako.

76 komunikabide

Gaur-gaurkoz, 28 bazkidek osatzen dute Tokikom, guztira 74 hedabide kudeatzen dituztenak: 32 webgune, 28 aldizkari, 5 telebista eta 9 irrati. Guztira, 240 langilek dihardute taldeko komunikabideetan, %58 emakumezkoak, eta Euskal Herri osoko 297 udalerritara iristen dira. Gaur-gaurkoz, TOKIKOM taldeko edizio digitalen trafikoa euskarazko medio ez-publikoak batzen dituen Hekimen elkarteko guztien %63 da.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide