Makulu Ken taldeak kontzertua eskainiko du igandean Abaraxka aterpetxean

Andoni Elduaien 2022ko urr. 21a, 08:55

Makulu Ken taldea. (Makulu Ken)

17:00etan hasiko da Makulu Ken taldearen kontzertua San Martin auzoko aterpetxean. Afrobeat estiloko musika doinuak eskainiko ditu taldeak Abaraxkan. Dena den, herriko tabernetan ere izango dira musika emanaldiak gaur eta bihar. 

Etzi, igandea, kontzertua eskainiko du Makulu Ken taldeak Azkoitiko Abaraxka aterpetxean. 17:00etan hasiko da kontzertua aterpetxean, eta emanaldia zuzenean jarraitu nahi dutenek 8 euro ordaindu beharko dute sarrera.

2007an sortu zen Makulu Ken taldea Lasarte-Orian (Gipuzkoa). Afrobeat estiloko musika taldea da, taldekideek euskalafrobeat deitzen dutena. Taldea izendatzen duen izen berarekin, 2012. urtean kaleratu zuen Makulu Ken taldeak ibilbideko aurreneko diskoa. 2016an, berriz, Kalè kalè izeneko bigarren album bat kaleratu zuen Durangoko Azokarako.

Eider Ormazabalek (ahotsa eta xekerea), Xabier Herrera Xa2 makuluk (ahotsa eta gitarra), Bea Hurtadok (teklak), Iñigo Suberbiolak (kongak eta djenbea), Unai de Andres Patxusek (baxua), Nagore Etxabek (bateria), Pau Torresek (saxo baritonoa), Ixak Oiartzabalek (saxo tenorra) eta Julen Rodriguezek (tronpeta) osatzen dute musika taldea. 

Emanaldiak herriko tabernetan

Abaraxkako kontzertua ez da izango asteburuko musika emanaldi bakarra. Gaur, ostirala, Tta-kun tabernan Albi DJa arituko da musika jartzen 23:45etik aurrera, eta bihar, larunbata, Desguaze Music Fest egingo dute Txalintxo tabernan. Triki, Beba, Panda eta House One arituko dira musika jartzen.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide