Gailu teknologikoak erabiltzen ikasteko adinekoentzako doako ikastaroa antolatu du Gurutze Gorriak

Andoni Elduaien 2022ko urr. 20a, 11:30

Adineko pertsona bat tableta batekin. (Gurutze Gorria)

Dagoeneko eman daiteke ikastaroan parte hartzeko izena. Datozen hilabeteetan eskainiko du Gurutze Gorriak 65 urtetik gorako herritarrei zuzendutako doako ikastaroa. Tabletak, eta oro har, gailu teknologikoak erabiltzen ikasteko balioko duten bi orduko bi saio prestatu ditu erakundeak.

Azkoitiko Gurutze Gorriak adineko pertsonei zuzendutako doako ikastaroa eskainiko du datozen hilabeteetan. 65 urtetik gorako pertsonei zuzendutako saioa izango da, eta bertan tableta zein bestelako gailu teknologiko berriak erabiltzen irakatsiko dute. Ikastaroaren helburuak dira adineko herritarrek izapide digitalak egiten ikastea, gailu teknologiko berriak erabiltzen ikastea, online kudeaketak egiteko konektibitatea izatea eta ezagutza digitalak eskuratzea. 

Bi orduko bi saio eskainiko ditu Gurutze Gorriak. Lehen saioan, Gurutze Gorriko kideek gailu teknologikoei buruzko informazio orokorra emango dute, baina aisia eta komunikazioa ere landuko dituzte. Bigarren saioan, berriz, segurtasuna eta kontzeptu orokorrak aztertuko dituzte. Ikastaroa amaitu ondoren, Gurutze Gorriko boluntarioek ez dute baztertu ikastaro txikiak eskaintzen jarraitzea, besteak beste, erabiltzaileek izan ditzaketen zalantzak argitzeko.

Ikastaroan parte hartzeko izena eman beharko da aurrez, eta horretarako, 671 60 09 16 telefono zenbakira deitu edo azkoitia.gizartezerbitzuak@cruzroja.es posta elektronikora mezu bat bidali beharko da. Ikastaroen egutegia zehaztu gabe dute oraindik Gurutze Gorrikoek; izena ematean emango dute informazio guztia. Halaber, ikastaroa gauzatzeko tabletak erakundeak utziko dizkie izena emandako herritarrei.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide