Los Xey taldeari buruzko dokumentala estreinatuko dute asteartean

Ane Olaizola 2022ko urr. 19a, 15:00

Xipri Larrañaga azkoitiarra izan zen joan zen mendearen erdialdean ezagun egin zen taldeko kideetako bat, eta hura arduratu zen taldearen musika zuzendaritzaz, abestien moldaketez eta garai hartan oso ezagunak egin ziren irratirako hainbat iragarki egiteaz. Donostian aurkeztuko dute lana, Viktoria Eugenia antzokian.

Eneko Olasagastik Los Xey. Una historia de película dokumentala zuzendu du, eta ikus-entzunezkoa estreinatuko dute datorren asteartean, hilaren 25ean, Donostiako Viktoria Eugenia antzokian, 19:00etan. Xipri Larrañaga azkoitiarra izan zen joan zen mendearen erdialdean ezagun egin zen taldeko kideetako bat, eta hura arduratu zen taldearen musika zuzendaritzaz, abestien moldaketez eta garai hartan oso ezagunak egin ziren irratirako hainbat iragarki egiteaz. Besteak beste, Larrañaga berak eta Xabin Olaskoagak idatzitako Memorias de Los Xey liburutik hartu du informazioa dokumentalaren zuzendariak lana ontzeko.

Euskal Herritik kanpo, Espainian, Katalunian, Frantzian, Alemanian nahiz Amerikako hainbat herrialdetan (Estatu Batuetan, Argentinan, Txilen, Kuban, Venezuelan eta Mexikon) ibili ziren, arrakastaz arrakasta taldea. Hainbat disko ere grabatu zituen: El reloj del abuelo, Jalisco nunca pierde eta Los de Amaika, esaterako. Baita filmetan parte hartu ere: Historias de la radio (J.L. Saenz de Heredia, 1955) eta Habanera (J.M. Elorrieta, 1959).

Maxixatzen aldizkariak joan zen otsaileko zenbakian argitaratu Los Xey talde entzutetsuari buruzko erreportajea, eta hemen irakur daiteke osorik.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide