Udalen Finantzaketarako Foru Funtsak (UFFF), Gipuzkoako udalen finantzaketarako iturri nagusiak, 587 milioi euro banatuko ditu 2022. urtean, aurreikusitakoa baino 18,4 milioi euro gehiago. Herri-dirubideen Euskal Kontseiluak ostiralean egindako batzarrean adostu zuen diru bilketa aurreikuspenak eguneratzea, eta atzo, astelehena, elkartu zen Gipuzkoako Finantza Kontseilua hainbat udal ordezkariri eguneratze horren berri emateko.
Finantzaketarako Foru Funtsetik 8.885.392 euro jasotzea aurreikusten zuen Azkoitiko Udalak 2022. urtean, baina atzoko bileraren ostean jakinarazi zitzaion aurreikusitakoa baino 288.088 euro gehiago jasoko dituela. Zerga bilketa orokorraren igoeragatik jasoko du Gipuzkoako udal bakoitzak aurreikusitakoa baino kopuru handiagoa. Datorren urteko otsailean berriro elkartuko da Gipuzkoako Finantza Kontseilua, eta zergen bidez jasotako diru kopuru erreala zein den baieztatuko dute orduan.
Datorren urtean, berriz, aurreneko aldiz gaindituko du Udalen Finantzaketarako Foru Funtsak 600 milioi euroko langa; izan ere, 609 milioi euroko aurreikuspena egin du funtsak datorren urterako. Ekitaldi honetan jasotzea aurreikusten dena baino %5,3 handiagoa izango da datorren urtean jasoko duten zenbatekoa. Hala, udalek baliabide gehiago izango dituzte beraien eginbeharretarako. 2023. urtera begira egindako aurrekontu aurreikuspenen arabera, Azkoitiko Udalak 9.562.930 euro jasoko ditu UFFFtik, aurtengo itxiera aurreikuspena baino 389.450 euro gehiago. Hori horrela, biztanleko 820 euro jasoko ditu Azkoitiak funts horretatik. Diru kopuru hori aintzat hartuta, udalak 2023. urteko aurrekontuak osatuko ditu.
2022ko Foru Funtsaren aurrelikidazioa (eurotan)
Herria | 2021eko likidazioa (eurotan) | 2022ko aurrekontua (eurotan) | 2022ko itxiera aurreikuspena (eurotan) | 2022ko betetze maila (%) | 2021-2022 arteko aldaketa (%) | Biztanleko euroak |
Azkoitia | 9.138.555 | 8.885.392 | 9.173.480 | %103,24 | %0,38 | 787 |
2023ko udal finantzaketarako Foru Funtsa (eurotan)
Herria |
2023ko aurrekontua (eurotan) |
2022ko aurrekontua (eurotan) |
2022ko itxiera aurreikuspena (eurotan) |
Aldaketa (eurotan) | Aldaketa (%) | Biztanleko euroak |
Azkoitia | 9.562.930 | 8.885.392 | 9.173.480 | 389.450 | %4,25 | 820 |