Micek kontzertua eskainiko du igandean Matadeixen

Andoni Elduaien 2022ko urr. 19a, 10:21

Mice bakarlaria. (Argazkia: Ferminmusic.com)

12:30ean hasiko da kontzertua Matadeixen, eta hura zuzenean jarraitu nahi dutenek zazpi euro ordaindu beharko dute sarrera Matadeixen. Artista eibartarrak ondu berri duen 'Lautada' diskoa aurkeztuko du Azkoitian.

Miren Narbaiza Mice bakarlariak kontzertua eskainiko du igandean Matadeixen. Matadero Ekintzak taldeak antolatuta, udazkeneko Bebarruko Jardunek emanaldietako bigarren saioa izango da eibartarrarena. 12:30ean hasiko da Miceren kontzertua, eta kontzertua bertatik bertara jarraitu nahi duten ikus-entzuleek zazpi euro ordaindu beharko dute sarrera.

Napoka Iria, Perlak, Drumkopters eta Dual Split taldeetan ibili ostean, 2017an sortu zuen Narbaizak Mice. Hain zuzen ere, urte horretan bertan kaleratu zuen izen bereko lehen diskoa. 2019an, berriz, Zilar printzak lan laburragoa kaleratu zuen. Orain, Lautada diskoa kaleratu du eibartarrak, eta gitarrarik gabe arituko da artista berriko kantuak aurkezten. Arabako eta han begi-bistan gelditu zaizkion paisaiei estu lotuta ondu du Narbaizak bere azken lanak.

Rocka beti abiapuntu hartuta, beste estilo batzuetara hurbiltzea du gogoko Micek. Ahotsa guztiaren gidari duela, atmosfera ilunak, distortsioak, tempo geldoak, giro arinak eta argiak aurkitu nahi ditu. Taldea honako musikariekin osatu du: Mikel Santxez baterian (Kaskezur), Ibai Gogortza (Borrokan, Joseba Irazoki) eta Joseba Baleztena (Joseba B. Lenoir, Victimas Club) gitarretan, Iñigo Telletxea baxuan (Joseba Tapia, Petti), Aitor Garcia de Vicuña teklatuetan (Pasadena) eta Narbaiza bera ahotsean.

Miceren kontzertua Bebarruko Jardunetako bigarren saioa izango da, baina ez azkena; izan ere, Putan Club taldeak urriaren 29an joko du Matadeixen, 22:30ean hasita. Azaroaren 5ean, berriz, Trini Fox, Sega Sound Killers eta Zumitrenko arituko da aretoan, ordun berean.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide