Beste larunbat batez organo doinuez gozatzeko parada izan dute herritarrek Andre Mariaren Jasokundeko parrokian, oraingo honetan Maria Mokhovaren eta Rudolf Mullerreren eskutik. Organista alemaniarrek XVI. mendetik gaur egunera arteko lau eskutara jotzeko organo musika eskaini zuten atzo errepertorioan, eta besteak beste, inoiz argitaratu gabeko obrak eta orkestra lanen moldaketak entzun ahal izan ziren.
Organo Erromantikoaren Nazioarteko XXIII. Zikloko Azkoitiko bigarren kontzertua izan zen atzokoa. Izan ere, Lidia Ksiazkiewicz organista poloniarrak eskaini zuen aurreneko kontzertua joan zen larunbatean, eta hurrengo larunbatekoa izango da azken saioa, Ana Belen Garcia organistarekin eta Easo abesbatzarekin.