Anaitasuna Mendi Bazkunak, Agiro Mendi Klubak eta Lagun Onak Mendi Bazkunak gure iritzia azaldu nahi dugu azken asteotan gure herrietan aurkeztu diren parke eolikoen proiektuen inguruan.
Mendi taldeon izaeraren barne dugu ingurumena zaindu eta maitatzea. Gure ondasunaren eta kulturaren parte den hori balioan jarri eta babestea.
Euskadiko Energia Berriztagarrien Lurralde Plan Sektorial eguneraturik ez dago, eta edozein asmo berriren aurrean, mendiak mendi izan behar dutela babestuko dugu. Argi dugu energia berriztagarriak sustatu behar direla, ez gara energia kudeaketan aditu, baina ez dugu uste Euskal Herriko mendiak parke eolikoz betetzea denik trantsizio energetikoari eman beharreko irtenbidea. Aukera desberdinak landu beharko lirateke eta soluzio eta kokaguneak ondo aztertu. Dagoeneko industrializatuta dauden hainbat lursail berrerabiliz, horietan aurrera eraman daitezkeen aukerak bultzatuz eta naturagune eta landa eremuen erabilera saihestuz.
- Herritarrok proiektu hauen inguruko informazio eguneratu eta osoa modu gardenean jakin behar dugu.
- Energia eolikoaren onura eta kalteak argi azaldu behar dira.
- Ingurumenean parke eoliko batek sortzen dituen eragin guztiak ezagutarazi behar dira:
- Eraikitzerakoan: Materialen garraiorako beharrezko diren pista eta bideak eragiten duten ingurumeneko inpaktua, zutabeak sartzeko egin beharreko lur mugimendu eta eraikuntza lanak, berauek akuiferoetan izango duten eragina, etab.
- Funtzionamenduan dagoen bitartean: hegazti eta beste animalien gain izango duten eragina, kutsadura akustikoa, kutsadura paisajistikoa...
- Erabilgarria izatea utzitakoan: nola bideratuko da lursail eta landa eremu hauetan egingo litzatekeen eragina (lur gainekoa, lur azpikoa)? Soberan gelditzen den materialari ze irteera emango zaio? Natur sareetan babestu gabe dauden mendi eta landa eremuak sakrifikatzeko prest al gaude energia garbien izenean?