Ana Belen Garcia organistak eta Easo abesbatzak itxiko dute Organo Erromantikoaren Nazioarteko XXIII. Zikloa

Andoni Elduaien 2022ko urr. 20a, 08:30

Easo abesbatza, Andre Mariaren Jasokundeko parrokian eskainitako kontzertu batean.

Larunbatean, 20:00etan hasita, Organo Erromantikoaren Nazioarteko XXIII. Zikloko Azkoitiko azken kontzertua eskainiko dute organista andoaindarrak eta Donostiako Easo abesbatzak. Emanaldia ikusteko sarrera doakoa izango da herritarrentza.

Etzi, larunbata, Ana Belen Garcia organistak eta Donostiako Easo abesbatzak Organo Erromantikoaren Nazioarteko XXIII. Zikloko Azkoitiko azken kontzertua eskainiko dute Andre Mariaren Jasokundeko parrokian. 20:00etan hasiko da emanaldia, eta kontzertua ikusteko sarrera doakoa izango da herritarrentzat.

Garciak Andoainen (Gipuzkoa) hasi zituen musika ikasketak, eta Donostiako Goi Mailako Musika Kontserbatorioan jarraitu zuen pianoaren prestakuntza. Hain zuzen, Donostian amaitu zituen pianoaren eta klabizenbaloaren goi-mailako ikasketak nahiz organoaren erdi mailako ikasketak. Musikenen bukatu zituen organo ikasketak, Esteban Landartekin eta Loic Mallien irakasleekin. Bakarlari eta laguntzaile bezala aritu izan da Garcia nazioarteko hainbat jaialditan, estilo eta garai guztiak hartzen dituen musika interpretatuz. Egun, Urnietako (Gipuzkoa) Lourdes Iriondo musika eskolako zuzendaria da, baita Easo abesbatzako musikaria ere. Koruko Andre Mariaren basilikako organista titularra izateaz gain, Donostiako Musika Hamabostaldiko Nazioarteko Organo Jaialdiko zuzendaria ere bada andoaindarra.

Easo abesbatza 2006an sortu zen, talde mistoentzat konposatutako opera, kamera-musika eta obra sinfoniko-koralen errepertorioa lantzeko. Abesbatzak maiz parte hartu du Donostiako Musika Hamabostaldiaren opera ekoizpenetan, baita Madrilgo Zarzuela antzokiak ekoiztutako hainbat zarzueletan ere. Horrek guztiak abesbatzari izen handiko hainbat orkestrekin lan egiteko aukera eman dio, hala nola Toulouseko (Frantzia) Kapitolioko Orkestra Nazionalarekin, Euskadiko Orkestra Sinfonikoarekin, Bilboko Orkestra Sinfonikoarekin eta Balearretako Orkestrarekin. Abesbatzarekin batera zuzendari ezagunak aritu izan dira, eta errepertorioa askotarikoa izanik, osaketa berezia duten kontzertuak eskaini ditu. Gorka Miranda zuzendariaren aginduetara arituko dira Azkoitian bai organista eta bai abesbatza.

Hona hemen eskainiko duten kontzertuaren egitaraua:

  • Bach's memento. No 6. Mattheus final (C. M. Widor)
  • Deux chorals op. 59 (Marcel Dupre)
    • Freu dich sehr, O meine Seele
    • Liebster Immanuel, Herzog der Frommen
  • Messe solennelle en ut # mineur op. 16 (Louis Vierne)
    • Kyrie
    • Gloria
    • Ave Maria (Marcel Dupre). Sop : Maria Jaunarena
    • Sanctus
    • Benedictus
    • Agnus Dei
  • Symphonie-passion op. 23 (Marcel Dupre)
    • I. Le Monde dans l'attente du Sauveur
    • O salutaris

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide