Anaitasunaren emakumeen lehen taldeak 0 eta 4 irabazi du gaur, asteazkena, Gasteizko Arriaga futbol zelaian. Sailkapenaren atzeko postuetan dagoen Ipar Arriaga Gasteiz taldearen aurka neurtu dituzte indarrak gorritxoek, eta atsedenaldirako bideratuta utzi du partida Mikel Barquero entrenatzaileak zuzentzen duen taldeak.
Ordu erdia bete baino lehen lortu du Anaitasunak huts eta batekoa egitea. Enara Anduezaren pase luze bat baliatu du Ane Juaristik gola egiteko; area kanpotik egin du jaurtiketa erdilariak, eta zuzenean sareetara bideratu du baloia. Lehen 45 minutuak bete baino lehen egin dute azkoitiarrek eguneko bigarren gola. Ainhoa Galarraga izan da protagonista orduan, beste behin falta jaurtiketa zuzenean barrura bidali baitu erdilariak.
Aldageletatik errentari eustera eta ahal bazen abantaila handitzera zelairatu dira gorritxoak, eta 55. minutuan iritsi da neurketa behin betikoz itxi zuen gola. Maider Badiolak baloia lapurtu dio aurkarien azken atzelariari, eta gorritxoen aurrelariak ez du hutsik egin ate aurrean. Markagailua 0 eta 3 zela, lasaiago aritu da Anaitasuna, eta laster egin du norgehiagokako azken gola ere, 67. minutuan, hain zuzen. Ane Arrizabalaga izan da eguneko azken golegilea, bi atzelariren artetik igaro eta baloia atezainaren gainetik loratu ostean.
Azken hamabi puntuetatik hamar eskuratu ditu Anaitasunaren emakumeen lehen taldeak, eta orain, zortzigarren postuan kokatu dira gorritxoak. Larunbatean, aste honetako bigarren neurketa jokatuko dute Barquerorenek. 16:30etik aurrera, emakumeek sailkapenaren beheko aldean dagoen Basauriko Kimuak taldea izango dute aurkari Txerloia futbol zelaian.